
Lehoien aurkezpena, ostiral honetan Lezaman
Lehoien aurkezpena, ostiral honetan Lezaman
Athletic Cluben emakumezko taldearen lehen entrenamendua 17:00etan izango da, ateak zabalik, eta jokalariek zaleekin egoteko tartea izango dute saioa amaitu ondoren
Ostiral honetan, uztailaren 21ean, aurkeztuko da ofizialki Athletic Clubeko emakumezkoen lehen taldea. Aste osoan zehar proba medikoak egin ondoren, ostiral honetan, 17:00etan, talde osoak entrenamendu bateratua egingo du Lezamako instalazioetako 4. zelaian. Denboraldiaurre honetan lehoiek elkarrekin egingo duten lehen hartu-emana izango da. Udako prestaketarako lagunarteko batzuk zehaztuta daude.
Ordubete pasatxo iraungo duen entrenamendua amaitutakoan, futbolariek bertan dauden zale zuri-gorriei arreta eskaintzeko tartea izango dute, autografoak sinatu eta argazkiak ateratzeko. Emakumezkoen taldearen entrenamendua ikusi nahi duten guztiek lurpeko aparkalekuko sarreratik sartu beharko dute instalazioetara, eta bertan utzi ahal izango dituzte ibilgailuak, nahi izanez gero.
Era berean, David Aznarrek bere lehen lan saioa zuzenduko du eta ordu erdi lehenago, 16:30ean, aurkezpen-prentsaurrekoa eskainiko du hedabideen aurrean, goiko eraikineko prentsa aretoan. Interesa duten hedabideek, behin teknikari berriaren agerraldia amaitutakoan, entrenamenduaren irudiak har ditzakete.