
"Athleticekoa bazara, badira arrazoiak ilusioz gainezka egoteko"
"Athleticekoa bazara, badira arrazoiak ilusioz gainezka egoteko"
Lekuek "baikortasunez eta behar denerako prest" ekingo dio bere bederatzigarren denboraldiari Klubean
Iñigo Lekue hedabideen aurrean agertu da gaur goizeko entrenamenduaren aurretik Lezamako instalazioetan. Atzelari zuri-gorrial sentsazio onak sumatzen ditu lehen taldean bere bederatzigarren denboraldiari ekin aurretik: "Athleticekoak garen guztiok, gertatzen dena gertatzen dela, beti gaude taldeari babesa emateko prest, urte berri bat hasteko eta San Mamesen une eta partida handiak bizitzeko ilusio berarekin. Badira nahikoa arrazoi Athleticekoa bazara ilusioz gainezka egoteko. Baikorra naiz eta denboraldia ondo hastea espero dugu".
Txapelketa kontinentaletarako sailkapena lortu ez arren, Deustuko atzelariak aitortu du beti dutela helburu hori begi-bistan: "Lortu ez genuela alde batera utzita, ezarrita geneukan bezala aritu ginen borrokan, Europan sartzeko aukerekin, denboraldi amaierara arte. Aurten berdin izango da, hor goian egotea da asmoa. Azken urteei erreparatzen badiezu, xehetasunak dira puntu horiek eman ez dizkigutenak. Uste dut hobekuntzak emaitzen jarraitutasunean eta jokoan izan behar duela. Taldeak irabazteko egin behar duen guztia egiten du".
Maila pertsonalean, 15 zenbakidunak argi dauka bere rola: "Klubari, taldekideei eta taldeari laguntzen jarraitzea espero dut, eta, pertsonalki, egunero entrenatzeko eta ahalik eta gehien lehiatzeko betiko gogo bera dut. Zelaian kamiseta honekin minutu bakoitza opari bat da niretzat. Amets bat da, beraz amets egiten jarraitu nahi dut eta prest nago behar denerako".