"Gure maila onena berreskuratu behar dugu"

"Gure maila onena berreskuratu behar dugu"

Valverderen ustez "oso une onak" izan dituzte denboraldiaurrean zehar, eta "puntuak batzen hastea" espero du

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak bere iritziak eman ditu bihar, 21:30etik aurrera, lehoiek Sadarren CA Osasunaren aurka jokatu aurretik LaLiga EA Sportseko 2. jardunaldian: "Partida gogorra izango da, Sadarren ohikoa den bezala, eta horren guztiaren gainetik egon behar dugu eta puntuak batzen hasi, behar ditugulako".

San Mamesen Real Madriden aurka galdu ondoren, entrenatzaile zuri-gorriak konfiantza osoa du bere jokalarien erreakzio azkarrean: "Aurrekoan arerioa gu baino askoz gehiago izan zen. Ez ginen ondo egon edo oso ondo egon ziren haiek. Ahaleginari dagokionez, dena ematen duen taldea gara eta ez ginen fin ibili horretan. Presiorik gabeko egoeretan ere ez genuen jokoarekin asmatu. Bihar gure maila onena berreskuratu behar dugu. Denboraldiaurrean oso ondo egon gara. Argi dago galtzen duzunean hurrengo neurketarako presio handiagoa duzula. Zentzu horretan ondo datorkigu, orduan joku mailan mailan ondo ari garela uste baitut".

Azkenik, Valverdek iragan denboraldian gorritxoen aurka jasotako emaitzak hobetu nahi dituela aitortu du: "Mentalizatu egin behar dugu, badakigu Osasuna arerio indartsua dela eta olatuaren aparrean dagoela. Iaz ere gauzak oso ondo joan zitzaizkion alderdi guztietan. Ez genuen emaitza onenak izan haien aurka, eta orain iazko inertzia positibo horrekin hasi dira. Joan den urtean Iruñean jokatu genituen norgehiagokak nahiko itxiak izan ziren eta xehetasunek ez ziguten mesederik egin. Oso ondo ezagutzen dugu elkar azkenaldian maiz jokatu ondoren. Ez dago sekreturik eta bakoitza bere estiloari leial izaten saiatuko da. Beti bilatu behar da motibazioa partida bakoitzean eta aukera berri bat daukagu. Errebantxa sentsazio hori ona da, eta ea orain irabazi dezakegun".