Partida Aurrekoa: Athletic Club - Real Betis (LaLiga 3. J)

Partida Aurrekoa: Athletic Club - Real Betis (LaLiga 3. J)

Lehoiek Sadarren erakutsitako irudi ona luzatu eta jarraian erdietsitako bigarren garaipena lortu nahi dute

Athletic Clubek ahalik eta ondoen itxi nahi du Aste Nagusia. Gaur, 21:30etik aurrera, lehoiek Bilboko jaiei amaiera ezin hobea ematea izango dute helburu, aurreko larunbatean Osasunaren aurka etxetik kanpo lortutako garaipenaren ostean. Oraingoan Real Betis hartuko dute San Mamesen, azken urteetan Europako txapelketetan ohikoa izan den taldea.

Deialdia

Entrenatzaile zuri-gorriak 23 jokalari deitu ditu talde andaluziarrari aurre egiteko. Yeray, De Marcos eta Nolaskoain baja dira hainbat arazo fisikoren ondorioz. Oihan Sancet, zerrendatik kanpo partida bateko zigorra betetzeko Sadarren txartel gorria ikusi eta gero. Dani Garcia eta Yuri deialdian sartu dira berriro, dagoeneko sendatuta baitaude. Adu Ares, Unai Gomez, Beñat Prados eta Unai Egiluz harrobiko jokalariak, gaurko partidarako erabilgarrien artean.

Valverde

Errepasatu hemen Athletic Club eta Real Betis partidaren aurretik Ernesto Valverdek egindako adierazpenak.

Aurkaria

 

 

 

 

Real Betis Balompie, 1907an sortua, Sevillan egoitza duen kluba da. 58 denboraldi egin ditu Lehen Mailan eta 2014/15 denboraldian igo zen azken aldiz maila gorenera. Benito Villamarin estadioan jokatzen du, 60.721 lagunentzako edukierarekin, eta 2020tik Manuel Pellegrini teknikari txiletarrak zuzentzen du, 2026ra arteko kontratuarekin. Bere palmaresean 1934/35 kanpainako Liga titulua eta 1976/77, 2004/05 eta 2021/22 ikasturteetan lortutako hiru Kopak nabarmentzen dira.

Gaur egun LaLigako zazpigarren postuan dago kokatuta, Athletic Clubek baino puntu bat gehiagorekin. Andaluziarrak garaipen eta berdinketa batekin iritsiko dira Katedraleko hitzordura, Villarreal CF eta Atletico de Madriden aurka, hurrenez hurren, jokatu eta gero. Min hartuta dituzten jokalarien artean, Fekir, Bravo, Luis Henrique eta William Carvalho nabarmentzen dira.

Estatistikak

Lehen aldiz LaLigan 1932/33 denboraldian jokatu zutenetik, Real Betis eta Athletic Clubek 114 partidatan lehiatu dira maila gorenean, eta zuri-gorriek emaitza positiboa mantentzen dute: 46 partida irabazi dituzte, 35 berdindu eta 33 galdu.

San Mamesen jokatutako partidei dagokienez, lehoiek oso balantze ona dute. 57 partidatan, Athleticek 33 neurketta irabazi ditu, 16 berdindu eta 8 galdu.

Katedralean lehoien eta betikoen artean jokatutako azken bost neurketetako datuen arabera, Real Betis Athleticen gustuko aurkaria da. Talde andaluziarrak hiru puntuak eskuratu zituen joan den ikasturtean, baina aurretik bederatzi denboraldi jarraian punturik batu gabe joan zen Bilbotik.

Kontsultatu Real Betisen aurkako estatistika guztiak.

Athleticzaleak munduan barrena

Zauden lekuan zaudela, ziurtatu zaitez gure Athleticen partida ez galtzeaz.