Euskal Non-League Day: SD Erandio – Bermeo FT

Euskal Non-League Day: SD Erandio – Bermeo FT

Ategorrin, Zarra gaztea eta beste lehoi aipagarri batzuk nabarmendu ziren zelai mitikoan, oinarri-futbolaren aldeko NLD jardunaldia egingo da irailaren 9an, 12:00etan

1915ean sortutako SD Erandio da Athletic Cluben historian garrantzi handienetakoa duen talde bat. Izan ere, Athletic Cluben 125 urteko historiako mitorik handienetako bat bertan eman zen ezagutzera: Telmo Zarraonaindia, Zarra. Golegile ospetsu horretaz gain, beste lehoi batzuek ere jantzi dituzte Erandioko kolore txuri-urdinak: Venancio, Garay, Garizurieta, Arqueta, Jose Luis Bilbao ‘Bala negra’, Juanin, Ortuzar edo Sertutxa. 30. eta 40. hamarkadetan bere loria-aldia bizi izan zuen tradizio handiko club baten izen ospetsuak dira.

Eta kluba historikoa eta gogoangarria bada, ez da gutxiago bere zelai mitikoa, Ategorri, 1918tik (birmoldaketa eta etenaldi ezberdinekin) erandiotarren etxeko partidak hartzen dituena. Bere palmaresa ere aipatzekoa da, afizionatuen 14 txapelketarekin eta Bizkaiko bi Koparekin, bere historiako titulurik garrantzitsuena ahaztu barik: 1933ko Afizionatuen Txapelketa Nazionala.

Zarraren hastapenak

Gerra ostean Erandio berrantolatu zenean, jokalari berriak eta gazteak batu ziren klubera. Horietako batzuek oso denbora gutxian nazioarteko ospea lortu zuten. 1939-1940 denboraldian, Erandiok 18 urteko mutil bat doan fitxatu zuen, Asua auzoko talde xume batetik zetorrena; bere izena, Telmo Zarraonaindia. Athletic Cluben arreta berehala piztu zuen erdiko aurrelariak eta, negoziazio azkar batzuen ondoren, Telmo Zarra gogoko zuen klubera iritsi zen, non zuri-gorriz jantzi zituen hamabost denboraldi, 354 partida jokatuz eta 335 gol eginez.

1944an, Erandio Hirugarren Mailako txapeldun geratu zen, Venancio Perez nabarmentzen zen taldearekin. Laster Athletic Clubera ere jauzi egingo zuen. Kirol-balentria lortzeko atarian zenbait denboraldi egon eta gero, 1949an erandiotarrek Bigarren Mailara igotzea lortu zuten, eta hori ere mugarri izan zen euren historia arrakastatsuan.

Hurrengo urteko jaitsieraren ondoren, Erandio Hirugarren Mailan finkatu zen hainbat hamarkadatan, 1980-1981 denboraldira arte. Orduan txuri-urdinek Bigarren B Mailara igotzea lortu zuten Blas Ziarretaren eskutik, futbolean eta Athletic Cluben barruan itzal handikoa izan zena; izan ere, bi hamarkada eman zituen harrobiari eta lehoien formazioari lotuta.

Gaur egun, SD Erandiok adin guztietako 17 talde ditu, aurrebenjaminetik seniorrera, eta bere partidak Ategorrin jokatzen jarraitzen du. Bertan, irailaren 9an, 12:00etan, SD Erandio eta Bermeo FT taldeen arteko Euskal Non-League Day neurketa jokatuko da.

Gogora dezagun, SD Erandiok Athleticen lehen taldeen bi kamiseta eta Athletic eta Cadizen arteko San Mameseko partidarako bi VIP sarrera zozketatuko dituela.