"Ilusioz gainezka gaude"
David Aznarrek eta lehoiek "gogo handiz" ekingo diote lehiari aurkari garrantzitsu eta zail baten aurka, baina ederto aurre egitea espero dute
"Txapelketa hasteko irrikaz gaude eta ilusio handia dugu denboraldiaurre honen ostean. Sentsazioak onak dira eta taldeak bilakaera oso positiboa izan du". David Aznar, emakumezkoen Athletic Clubeko entrenatzailea, baikor dago hastear dagoen denboraldiari begira. Liga F-ri hasiera emateko, Atletico Madriden aurkako partida zaila jokatuko dute zuri-gorriek etxetik kanpo: "Oso partida polita da, anbizio handiko helburuak dituen eta urtetik urtera indartzen ari den talde bati aurre egiten diozu. Zaila eta bizia izango da, baina lehiatzeko, ausartak izateko eta armarri hau behar den bezala ordezkatzeko gogoz goaz. Asko eskatuko digu arerioak, baina irabazteko aukerak izango ditugu ere".
Entrenatzaile madrildarra pozik dago bere taldearekin eta joko-estilo zehatz bat ezartzeko dituen aukerekin. Konfiantzaz agertu da talde madrildarraren aurkako norgehiagokaren atarian: "Pozik nago jokalariekin. Oso talde osoa dugu eta alternatiba asko ditugu, eta hori oso ona da 30 partidako Liga luze baterako".
Txapelketa ofizialeko lehen proba jokalari gazte asko dituen eta lerro guztietan indartu den talde batentzat. Hazteko unea: "Jokalariak hobetzeko oso prest daude eta irakatsi nahi dugunarekin bat datoz, identifikatzen gaituen estilo bat sortzeko. Proiektu berria da, gazte askorekin, eta partidaz partida joan nahi dugu. Ikusiko dugu non kokatzen gaituen txapelketak, baina talde lehiakorra izan nahi dugu".