Athleticen ametsak aurrera jarraitzen du

Athleticen ametsak aurrera jarraitzen du

Ekainaren 30ean Lezaman amaitu zuten hamalau futbolarik esperientzia polita bizi izan zuten Getafe CF-ren aurkako partidan, Klubak gonbidatuta, Galarreta, Guruzeta eta Unai Gomezen, Klubetik irten behar izan zuten hiru lehoiren bizipenak ezagutu zituzten

Aurreko denboraldiaren amaieran Lezaman egonaldia amaitu zuten jokalarien ordezkaritza garrantzitsu bat iragan asteazkenean Getafe CF-ren aurkako partidan esperientzia ahaztezina bizitzera gonbidatu zuen Athletic Clubek. Gonbidapena Klubetik irten ziren futbolari guztiei egin zitzaien, talde profesionaletara joan diren kirolariei izan ezik. Hala ere, gonbidatutako batzuek ezin izan zuten hitzordura joan.

Hamalau jokalari, Haur mailetan zein Basconian aritutakoak, norgehiagoka hasi baino ordubete lehenago Arreta Integraleko arloko lau kideren, David Rincon, Mikel García, Iraia Gisbert eta Edu Sainzen, eskutik San Mamesera iritsi ziren. VIP Arean, haiekin batera, lehen ezustekoa jaso zuten. Iñigo Ruiz de Galarretak, egun batean Lezamara itzultzeagatik izandako lan eta fedearen iraunkortasunak saria duela erakusten duen erreferentziak, bufanda zuri-gorria banatu zien bertaratu ziren guztiei. Ondoren, eibartarrak animo mezua helarazi zien eta bere egoera azaldu zuen. Kimu mailan iritsi zen Lezamara, eta lehoi gisa debuta egin eta lesio larriak jasan ondoren, denboraldi honetan ate handitik itzuli da, hamarkada bateko etenaldiaren ondoren.

Partida amaituta, futbolariak palko ingurura pasa ziren, eta bertan Zuzendaritza Batzordea, Jon Uriarte presidentea, Mikel Gonzalez Futboleko zuzendari nagusia eta Sergio Navarro Lezamako zuzendaria agurtu zituzten. Azken esperientzia geratzen zen, beste mezu afektibo bat jasotzea gure harrobian hazi diren, bertatik irten eta itzuli diren beste bi futbolariengandik. Gorka Guruzeta eta Unai Gomezen kasuak dira. Zelaian bertan gertatu zen, jokalariak dutxatuta zeudela partidaren ondoren. Egun ahaztezina, San Mameseko soropilean lehen taldeko jokalariekin baloi ukitu batzuk egiteko abagunea izan baitzuten. Jokalari horietakoren bat lehoi bihurtuko ahal da etorkizunean? Hala izan dadila espero dugu; izan ere, Athleticen ametsak aurrera jarraitzen du.