
Aitor Agirre: “Nik Athleticen jokatu nahi izan nuen beti”
Aitor Agirre: “Nik Athleticen jokatu nahi izan nuen beti”
Sondikoztarra, 70eko hamarkadako golegilerik oparoenetako bat izateaz gain, frankismoaren aurka erakutsitako besokoagatik ezaguna da
“Piru Gainza eta Jose Luis Artetxe, hori da bikotea hori, nigana etorri eta Athleticen jokatzea nahi ote nuen galdetu zidaten: Nire erantzuna argia izan zen, ia zelan galdetu zezaketen hori, nigatik balitz aspaldi egongo nintzelako Athleticen”. Aitor Agirrek El Sardinero futbol zelai zaharrean suertatutako solasaldia oroitzen du, Real Racing Club taldea utzi eta 1977ko udan elastiko zuri-gorria jantzi aurretik emandakoa. Ordura arte, sondikoztarrak bost denboraldi bikain eman zituen Santanderren, LaLiga-ko golegilerik onena izateko borrokan murgilduz. Aurretik, bere herriko taldean, Sestao Sport, Sevilla CF, Cordoba CF eta Burgos CF klubetan aritu zen baita.
Bere ibilbidean, sartutako golak ez ezik, bada oroimen kolektiboan iltzatuta geratu den beste une bat: 1975eko irailaren 28an, Racing-eko taldekide Sergio Manzanerarekin batera, Francoren diktadurako azken fusilamenduak salatzeko egindako keinua. Biak ala biak besoko beltzekin zelairatu ziren Elche CF taldearen aurkako partidan. Atsedenaldian poliziaren galdeketa pairatzean gain, lehia amaitu ondoren, Guardia Zibilaren kasernetara eraman zituzten. Presio sozial eta mediatiko handiaren baitan, orduko 3000 eurotako isuna ezarri eta “bost urte eta egun bateko” espetxe zigorra eskatu zieten. Diktadorearen heriotzaren ostean, eskaerak bertan behera geratu ziren.
1977ko udan, Agirrek Athletic Clubera jauzi egin zuen. Bere aurreneko norgehiagokan, Bilbao Hiria txapelketan, Kieveko Dinamoren aurkako gola erdietsi zuen, baina, bere kirol ibilbide zuri-gorriak ez zuen esperotako fruituak ekarri, Real Madrilen aurka sufritutako lesio larri baten ondorioz. Santiago Bernabeu futbol zelaian sudurra hautsi ostean, ebakuntza egin eta sendatze prozesu gogorra pairatu zuen, partidetako erritmoa galduz. Dena den, Real Club Celta taldearen aurka San Mamesen hat-trick bat sartzeko beta izan zuen eta guztira 10 tanto sartu zituen Athletic Cluben elastikoarekin jokatutako 35 lehietan. Bi urte beranduago, Huelvako Recreativora joan zen, ondoren Sestao Sport taldean jokatzeko Bizkaira itzuli aurretik. Bere azkeneko urratsak CD Sondikan izan ziren, Basozabalen hasi eta bukatuz. Behin erretiroa hartuta, ostalaritzan lan egiteaz gain, bere pasio nagusietako bati bide eman zion: Abestera hain zuzen ere.
Aitor Agirre, Athleticen jokatzea amestu eta lortu zuen golegilea eta konpromiso handiko keinu historikoa burutu zuen herritarra.