
Basauritik mundura, Itziar Ituño urriko enbaxadore
Basauritik mundura, Itziar Ituño urriko enbaxadore
Getafe CF taldearen aurkako partidan harrera eta intsignia jaso zituen Jon Uriarte eta Jose Angel Iribarren eskutik
Klubaren 125. urteurreneko ekitaldien baitan, Athletic Clubek Itziar Ituño aktorea urriko enbaxadore gisa izendatu du. 1974ko ekainaren 19an jaio eta Basauriko Kareaga auzoan hazia, laurogeiko hamarkadako tituluek zeharkatutako belaunaldikoaren parte da. Ituñok, bereziki, Gabarraren sinbolismoa oroitzen du: “Aitarekin autobusean joan nintzen, Bailen kaleraino iritsi ginen eta bertan jendetza ikusi genuen, benetan zirraragarria izan zen”.
Bere identitate zein erroekiko duen harrotasuna sarritan azaldu du eta Athletic Clubekin baloreak partekartzen ditu. Oinarri propioak mundu osoaren aurrean aldarrikatuz, ahalegina, konpromisoa eta Euskal Herrian sortutako talentuan sostengatuta. Geldiezin eta polifazetikoa, Soziologian lizentziatuta da, bere aurreneko urratsak antzerkian zein filme laburretan eman zituen. Laurogeitamarreko hamarkadaren amaieran, Euskal Telebistako “Goenkale” telesail mitikoaren bitartez euskal etxeetan sartu zen, Nekane Beitia ertzainaren pertsonaia gauzatuz.
Mende laurden beranduago, nazioartean ospe gehien duen euskal aktoreetako bat da, arrakasta globala zein Euskal Herrian abiatutako eta, bereziki, euskaraz egindako proiektuekiko atxikimendua partekatuz. Horren lekuko, «Izarren argia», «Lasa eta Zabala», «Loreak», «Igelak», «Errementari», «Hil kanpainak», «Nora» edo «Irati»- bezalako filmetan parte hartu izana edo Euskal Herrian oinarritutako «El crimen de la ciudad blanca», «Un otoño sin Berlín» edo «Las buenas compañías» pelikuletako partaide izatea. Horrekin batera, ohikoa da Ituño oholtza gainean ikustea, besteak beste, «Fortius», «Auri Auri», «Loreak», «Herioa eta dontzeila», «La Tarara» edo, guztiz zuri-gorria den, «Yo soy Pichichi» antzezlanetan.
«La casa de papel» telesailaren eragin globalak, mundu oso pantailetara eraman zuen basauriarra, aurrena Raquel Murillo inspektorearen paperarekin eta, ondoren, «Lisboa» atrakatzaileari bide emanez. Ituño telesaileko protagonista karismatikoetako batean bilakatu zen. Ondoren, Bilbon oinarritutako «Intimidad» seriearen bitartez, nazioarteko ospe horri segida eman zion. Bere jarraitzaileek Ituñoren lana biziki maite dute eta, horren lekuko, Instagram sare sozialean dituen 5 milioi jarraitzaileak edo Wikipediako bere orria 32 hizkuntza ezberdinetan kontsultatzeko aukera izatea. Dena den, mundu mailako dimentsio honek ez du Basauritik, bere ardatz nagusitik, aldendu: “Hemendik kanpo, batzuetan, ez dakite Euskal Herria zer den edo non dagoen, baina nik Athletic ezagutzen ote duten galdetzen diet. Baiezkoa ematen didatenean, ni bertakoa naizela esaten diet”.
Iragan irailaren 27an, Athletic Clubek eta Getafe CF-ek LaLigaren baitan jokatu zuten partidaren aurretik, Ituñok Klubeko intsigniak jaso zituen Jon Uriarte presidentearen eta Jose Angelen Iribarren eskutik. Bere aitak, gainera, atezain zarauztar mitikoa ezagutzeko beta izan zuen. Pozik eta hunkituta, basauriarrak zaletu zuri-gorrien berotasuna sentitzeko beta izan zuen. Itziar Ituño Athletic Clubeko 125. Urteurrenaren hamargarren enbaxadorea da, Jon Rahm, Jokin Altuna, Honey Tahljieh, Thomas Hitzlsperger, Marino Lejarreta eta Joane Somarriba -euskal txirrindularitzaren ordezkari gisa-, Maria Arthuer, Juan Villoro, Txus Vidorreta eta Julian Lopezekin batera.