
Esperotako Lezamako debuta iritsi da
Esperotako Lezamako debuta iritsi da
Asteazkenean, 18:00etatik aurrera, Athletic Clubek denboraldiko lehen partida ofiziala jokatuko du Granada CF taldearen aurka etxean
Atzeratu egin da, baina emakumezkoen taldeak denboraldi berrian Lezaman jokatuko den lehen norgehiagoka iristear da. Asteazkenean, urriak 4an, 18:00etatik aurrera (GOL TV-n), lehoiek irailaren 9an jokatu behar zuten lehen jardunaldiko atzeratutako partida berreskuratuko dute. Ia hilabete igaro da greba hartatik, eta zuri-gorriek etxeko talde gisa jardun ahal izango dute Lezamako 2. zelaian. Partida berezia Nahikari, Gara, Zugasti, Sanadri eta Maddi Torrerentzat, guztiak zale zuri-gorrien aurrean jokatzeko aukera izango baitute. Esan beharrik ez dago David Aznarrek, teknikari berriak, ere taldea haztegi zuri-gorrian lehen aldiz zuzenduko duela.
Egia da denboraldia Atletico Madrilen aurkako 2. jardunaldiko lehen irteerarekin hasi zela eta porrota jaso zuela (3-0), eta joan den igandean, Bartzelonan, geldialdi berri baten ondoren, Athleticek hirugarren jardunaldia jokatu zuela Levante Las Planasen aurka 2-1 galduta. Kateatutako bi porrotekin, ez da espero zen hasiera izan, baina egutegia estreinatu berria dago eta gainera, lehoiek bi neurketa jarraian jokatuko dute etxean; izan ere, datorren astelehenean, urriaren 9an (18: 00etan), beste aurkari andaluziar baten aurka, Sporting Club de Huelvaren kontra arituko dira. Aste batean sei puntu lortzeko abagune ezin hobea.
Lezaman aste arteko bigarren hitzordu horren aurretik, joan den ikasturtean RFEFko 1. mailatik igo zen taldeetako bat jasoko dugu: Granada CF. Talde nazariarra Lehen Mailara hamarkada bat geroago itzuli da eta 3 puntu dituelarik bisitatutko du Lezama; hain zuzen ere, Los Carmenes futbol-zelaian Realaren aurka 2. jardunaldian lortu zuen garaipena. Pasa den asteburuan, aldiz, Granadako taldea etxean SD Eibarren aurka galdu eta ezin izan zuen punturik batu. Honekin guztiarekin, lehoiek Naima eta Edma aurrelarien bizkortasuna ondo baino hobeto zaindu beharko dituzte eta neurketak menderatu ditzaketen taldea dela erakutsi beharko dute, bereziki etxean, non Liga F 2023-2024 denboraldiko lehen garaipena lortu nahi duten.