"Etxean indartsuak izan nahi dugu"

"Etxean indartsuak izan nahi dugu"

Valverdek premiaz datorren Almeriaren aurka San Mamesen puntuak batzearen garrantzia azpimarratu du, "baina guretzat hori ezin da abantaila izan"

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak agerraldia egin du bihar 21:00etatik aurrera lehoiek eta UD Almeriak jokatuko duten partidaren atarian: "Neurketa garrantzitsua da, porrot batetik gatozelako eta etxean indartsuak izan nahi dugulako. Badakigu une zail batean iristen direla, sailkapenean duten egoeragatik, eta aurreko jardunaldian bazirudien norgehiagoka nahiko bideratuta zutela 3-0ekoarekin, eta gero berdindu egin zuten. Nolanahi ere, guri axola zaiguna ondo egotea da eta, Almeria errespetatuz, min emateko argudioak dituen taldea baita, guretzat hiru puntuak lortzea funtsezkoa da".

Lehiaren gakoei dagokienez, entrenatzaile zuri-gorriak azpimarratu du ez direla fidatzen azken sailkatuaren kontra indarrak neurtu arren: "Atzean dauden espazioak ixten eta jokalari azkarrekin erasotzen saiatuko direla imajinatzen dut. Talde honek ez die aurpegia galdu partidei, Sevillaren aurkakoa izan eziik, non bi gol oso goiztiar jaso zituen. Beren bertuteak erakusten saiatuko dira emaitza on bat lortzeko. Iragan denboraldian estrategia-jokaldietan gol gehien sartu zituztenak izan ziren. Ez dut espero, noski, bere aulkiko egoeragatik despistatuta datorren arerioa. Premiaz datoz eta partidara ondo aterako direla uste dut, baina guretzat hori ezin da abantaila izan".