Unai Gomezek 2028ra arte berritu du Athletic Clubekin

Unai Gomezek 2028ra arte berritu du Athletic Clubekin

20 urteko erdilari bermeotarra maila gorenean finkatzen ari da denboraldi honetan LaLigako lehen jardunaldian hasierako hamaikakoan debutatu ostean Ernesto Valverderen aginduetara

Athletic Clubek eta Unai Gomezek akordioa lortu dute bere kontratua 2028ko ekainaren 30era arte luzatzeko. Bermeoko erdilariak (20 urte) gaur arratsaldean sinatu du kontratua San Mamesen, Jon Uriarte presidentearen eta Mikel Gonzalez Futboleko zuzendari nagusiaren aurrean.

Unai Gomez, kimu mailan Lezamara heldu zena, haur mailan atera zen Danok Bat taldean trebatzen jarraitzeko eta gazte mailan itzuli zen. Orain arte lau partida jokatu ditu lehen mailan. Elitean hasierako hamaikakoan estreinatu zen Real Madriden aurka aurtengo LaLigako lehen jardunaldian, Ernesto Valverderen aginduetara egindako denboraldiaurre bikainaren saria jasoz. Gainera, bere lehen gol ofiziala sartu zuen lehoi gisa Real Betisen aurka San Mamesen, Athleticek hirugarren jardunaldian markagailua irauli zuen neurketan. Aurretik, denboraldiaurrean, Celtic Glasgowren kontra ere gola lortu zuen Celtic Parken.

Zuzendaritza-Batzordeak egiten dituen kontratu berrien ildo beretik, Unai Gomezen loturak helburuen araberako osagai aldakorra duen soldata-egitura du.

Bermeotarra pozik agertu da taldearekin duen harremana beste bost denboraldiz luzatu ostean: "Hau egia bihurtutako ametsa da. Beti egin dut amets Athleticen lehen taldean jokatzearekin, eta asko baloratzen dut Klubak bost denboraldi gehiago apustu egitea. Hasi berria naiz, lau partida daramatzat Lehen Mailan eta espero dut kontratu hau urte hauetan bizitzeko geratzen zaidan hasiera politena izatea".

Era berean, Mikel Gonzalez futbol zuzendariak nabarmendu du Unai Gomez "orainaldiko eta etorkizuneko jokalaria" dela. Bere profil balioaniztunaz ere mintzatu da: "Erdialdean edo erdi-puntan joka dezakeen jokalaria da. Athletic profila duen jokalaria da %100ean; izan ere, erritmo bizia sartzen du jokoan, bai defentsan bai erasoan, oso indartsua da, ondo iristen da area inguruetara eta jaurtiketa ona du, baita intuizioa ere, azkarra da eta bizi-bizi jokatzen du baloiarekin".

Gainera, Mikel Gonzalezentzat ere garrantzitsua da Athleticen hazteko Gomezek duen "gosea eta anbizioa. Badakigu oso identifikatuta dagoela Klubarekin eta bere balioekin".