"Ea beste 125 urte bizitzen ditugun, beti Lehen Mailan eta gure filosofiarekin"

"Ea beste 125 urte bizitzen ditugun, beti Lehen Mailan eta gure filosofiarekin"

Iñigo Ruiz de Galarreta eta Unai Gomez Cervezas San Miguelek Athletic Cluben 125. urteurrena ospatzeko Bilbon prestatu duen espazioan izan dira hedabideen galderak erantzuten

Iñigo Ruiz de Galarretak eta Unai Gomezek Cervezas San Miguelek Bilbon (Doctor Achucarro kalea, 3) Athletic Cluben 125. urteurrena ospatzeko prestatu duen gunean hartu dute parte. Lokala publiko guztientzat egongo da zabalik urriaren 27tik 28ra, ostiraletik larunbatera, eta giro eta jarduera ezberdinak izango ditu Athleticen urteurren garrantzitsu hau ospatzera hurbildu nahi duten athleticzale guztientzat. 

Kirol arloari dagokionez, erdilari zuri-gorriek euren iritziak partekatu dituzte igande honetan (18:30ean) San Mamesen Valentzia CF hartu aurretik. Galarretaren ustez, "neurketa zaila izango da", taldearen une onean konfiantza duen arren: "Jokalari oso onak dituzte, baina garrantzitsuena gure jokatzeko moduarekin aurrera jarraitzea izango dela uste dut, lehian oso biziak izanik, goian presioa eginez, behin eta berriz saiatuz, aukerak sortuz eta atea aurrean asmatuz, noski. Horiek dira hiru puntuak eskuratzeko gakoak".

Unai Gomezek ere Athleticen une ona azpimarratu du: "FC Bartzelonaren aurka galdu arren, taldea oso ondo ikusten dut, lehiatzeko eta edonori irabazteko gai garela erakutsi dugu. Europako postuetan jarraitu nahi badugu, irabazten jarraitu beharko dugu, San Mameseko bolada onari jarraipena emanez. Real Madrilen aurka bakarrik galdu dugu eta ziur nago, jarriko dugun gogoarekin eta gure jendearen indarrarekin, hiru puntuak batu ahal izango ditugula Valentziaren aurka". 

Galarretak gaineratu du: "Gauza politengatik borrokatu nahi baduzu, puntu asko lortu... Asteburu honetan hiru puntuak batu behar ditugu etxean".

"Beste 125 urte ospatzeagatik, topa"

Athletic Cluben hurrengo 125 urteak nolakoak espero dituzten galdetuta, bi jokalariek irmo erantzun dute: "Denok Gabarra bezalako uneak berriz bizitzearekin amesten dugu. Ea klubak historia egiten jarraitzen duen urte hauetan guztietan egin duen bezala, arrakasta askorekin, beti Lehen Mailan eta filosofia honekin", adierazi du Galarretak. "Espero dezagun aurrekoak bezain arrakastatsuak izatea, baina beti Lehen Mailan izatea eta filosofiari eutsita", erantzun du Unai Gomezek.

Etorkizunaz ari garela, Unai Gomez pozik agertu da Athleticekin 2028ra arte kontratua berritu ostean: "Nik bizitza osoa eman dut San Mameseko harmailetan, zelaian jokatzearekin amesten. Orain aukera hori daukat eta aprobetxatu egin nahi dut. Niretzat oso berezia da bizitzen ari naizen guztia, beti amestu dudan zerbait da eta oso berezia da Athleticek nigan konfiantza izatea. Nire familia eta ni oso pozik gaude. Orain, jarri duten konfiantza itzuli beharko diet".

Lehoikumea Lezaman alebin bezala partiduak jokatzetik Danok Baten elastikoa defendatzera pasa zen, eta lehen taldearekin debuta egin aurretik Basconia eta Bilbao Athleticen ibili zen ere. Haurtzaroko bere idolo askorekin ari da jokatzen orain: "Entrenatzea, beraiekin momentuak partekatzea eta zelaian Muniain edo Ander Herrera ordezkatu ahal izatea, niretzat oso berezia da. Bizitza osoa daramat hauek nola jokatzen duten ikusten. Asko markatu ninduen UEFAko finalak, ikaragarri jokatzen zuten orduan, eta orain eurekin ari naiz egunero. Sinestezina da. Iñaki Williams, Raul Garcia eta Oscar De Marcosi ere asko erreparatzen diet".