"Garaipena oso baliotsua da"
Valverde pozik agertu da berriro irabazteagatik. Partida bideratuta zutela zirudien, baina azkenean zaildu egin zaie eta "futbola kontrolatu beharreko emozioen segida" dela aitortu du
Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzailea pozik agertu da lehoiek 2-3 irabazi baitiote Vila-reali Estadio de la Ceramica zelaian. Bilbotarrak 0-3 joan dira atsedenaldira, baina azkenean sufritzen amaitu dute, talde horiak jarraian sartutako bi golen ostean: "Kontua ez da guri bakarrik gertatzen zaigula, mundu guztiari gertatzen zaio. Futbola kontrolatu behar dituzun emozioen segida da. Guk partidak irauli ditugun bezala, aurkariak ere egin dezake".
Entrenatzaile zuri-gorrriarentzat, neurketa hau irabazteak balio erantsia du: "Garaipena oso baliotsua da, irabazten ari ez zaren bolada batetik zatozenean hiru puntuak batzea garrantzitsua delako. Zelai honetan emaitza onak lortzea kostatzen zaigu. Uste dut, oro har, norgehiagoka handi bat osatu dugula. Ondo egin diogu aurre partidari. Lehen golaren ondoren jokoan nagusi izan gara eta abaguneak izaten jarraitu dugu. Bigarren zatian gure asmoa arerioaren atean ikusmena mantentzea eta bere bultzadaren aurrean amore ez ematea zen".
Erlazionatutako partidak
Villarreal CF - Athletic Club

