Bibiane Schulze deialdi batera itzuli da sei hilabete geroago

Bibiane Schulze deialdi batera itzuli da sei hilabete geroago

Erdiko atzelari zuri-gorriak senda-agiria du eta pubalgiako eta kuadrizepseko lesioak gainditu ostean, Granadarako zerrendan sartu da

Hilabete zailak izan dira Bibiane Schulzerentzat. Athletic Clubeko erdiko atzelariak 2023ko apirilaren 29an jokatu zuen azkenekoz. Partida hartan, lehoiek berebiziko garaipena lortu zuten Bartzelonan, eta "Bibi" hasierako hamaikakoan irten zen, pubalgiak eragindako minez hilabeteak zeramatzan arren. Denboraldia bukatutakoan, atzelari zuri-gorriak tratamendu kontserbadorea hasi zuen gaitzak konpontzeko eta prozesu luze horretan Bibianek lesio bat izan zuen koadrizepsean.

Azken hilabeteetan bakarka lan egin ondoren, 21 zenbakidunak taldearekin lan egin du aste honetan, eta bihar Granada CFr-en aurka jokatzeko zerrendan sartu da.

Berri on horrekin batera, duela aste batzuk beste erdiko atzelari bat batu zen taldera entrenamenduetan, Garazi Murua hain zuzen ere. 2023ko martxoan ebakuntza egin zioten pasa den denboraldi osoan lehiatzea eragotzi zion hernia diskala konpontzeko.

Granada CF taldearen aurkako Erreginaren Kopako hirugarren kanporaketarako deialdia 18 jokalarik osatzen dute: Quiñones, A. Nanclares, Maddi, Landaluze, Naroa, Nahikari, Arana, Azkona, Gara, Pinedo, M. Zubieta, Nerea Nevado, Itxaso, Elexpuru, Bibi, P. Zugasti, S. Ortega eta J. Amezaga.