
"Pozik gaude eta sentsazioak aurreko urteetakoak baino hobeak dira"
"Pozik gaude eta sentsazioak aurreko urteetakoak baino hobeak dira"
De Marcosek adierazi duenez, "geurean jartzen dugu arreta" eta ez du uste "Celtaren plater hautsiak eta beste inorenak ordaindu behar dituztenik"
Oscar de Marcosek agerraldia egin du ostiralean San Mamesen Athletic Clubek eta RC Celtak jokatuko duten partidaren atarian. Lehoiak bosgarren postuan daude 21 punturekin lehiaketaren lehen herena betetzera doazenean: "Pozik gaude. Oso zelai zailean irabaztetik gatoz eta lehen zati oso ona egin genuela uste dut. Gainera, eraginkortasun handia izan genuen eta 0-3 aurretik lortzeak beti laguntzen digu, baina azkenean sufritzea egokitu zitzaigun, Athletic garen bezala. Partida kontrolpean zegoela zirudien, baina beste behin futbolak erakusten dizu azkenera arte edozer gauza gerta daitekeela. Une horietan burua hotz mantendu behar da, daukazuna ez galtzeko. Uste dut sentsazioak hobeak direla denboraldi honetan. Galdu ditugun partidak aurkari garrantzitsuen aurkakoak dira, zelai zailetan, eta gero, iaz ez bezala, beste zelai batzuetan ere hiru puntuak lortu ditugu".
Hurrengo aurkariari buruz, egoera zailean eta zenbait arbitraje-polemikatan murgilduta datorrenari buruz, 18 zurigorrik nahiago du kirolaz kanpoko kontuetatik at mantendu: "Guk geurean jartzen dugu arreta. Bakoitzak bere arazoak ditu etxean, nolabait esateko. Gure partida egitera joango gara, erritmoa izan dezala, gustatzen zaigun bezala, besterik ez. Arbitroen fede onaz fidatzen naiz. Ikusten dutena eta ahalik eta ondoen joko dute. Ez dut uste guk Celtaren plater apurtuak ordaindu behar ditugunik, ezta beste inorenak ere. Guk ere ekintza polemikoak izan ditugu denboraldian zehar. Gertatzen diren gauzak dira eta partidu bakoitza guztiz ezberdina da. Celta oso ondo jokatzen duen taldea da, eta partidak oso zail jarri dizkigu beti. Gu gure jokoa etxean egiten saiatuko gara, geldialdira oso ondo eramango gaituzten hiru puntu lortzen saiatzeko ".
Talde galiziarraren aurka jokatzen badu, De Marcosek Iraola berdinduko du Klubean jokatutako partiden rankingeko bosgarren postuan 510ekin: "Niretzat Andoni berdintzea poztasun handia da, adibidetzat daukat, erreferente eta idolo gisa. Asko lagundu dit. Zelaian gozatzen ari naiz eta hori ona da. Egia da urte asko daramadala eta agian zuhurragoa naiz egiten dudan guztian. Nire amaiera noiz izango den ez dakidanez, egun guztiak garrantzitsuak dira. Beti oso maitatua sentitu naiz, eta urteak aurrera doazen heinean, are gehiago ".