"Gironan irabazteak bultzada handia emango liguke"

"Gironan irabazteak bultzada handia emango liguke"

Guruzetak, golegile zuri-gorri nagusiak, badaki egungo liderra bisitatzea zaila dela, baina "garaipena lortzeko ilusioarekin" doazela aitortu du

Gorka Guruzetak agerraldia egin du Girona FC-k eta Athletic Clubek astelehenean 21:00etan Montilivin jokatuko duten partidaren atarian. Nazioarteko konpromisoengatik izandako etenaldi luzearen ondoren barrekingo zaio lehiaketari eta talde zuri-gorriak datorren denboraldian txapelketa kontinentalak jokatzeko eskubidea ematen duten postuetan jarraitu nahi du: "Argi dago jokalariok lehiatu nahi dugula, baina ondo dator noizean behin deskonektatzea, astebetez entrenatzeko lasaitasun hori izatea eta fisikoki ondo jartzea. Klubaren helburua Europan sartzea da, jokalariak gogotsu gaude. Kopan ere baikorrak izan behar dugu eta ea titulua lortzeko aukera dugun". Aurrean une honetan sailkapenaren buruan dagoen taldea egongo da. "Badakigu neurketa zaila izango dela, behin bakarrik galdu baitute Real Madriden aurka, baina garaipena lortzeko ilusioarekin goaz. Horrek bultzada handia emango liguke".

Maila pertsonalean, Guruzeta pozik dago orain arte egindako ekarpenagatik: "Egia da hasiera ona izaten ari dela eta, gainera, golak egiten eta taldeari jokoaren arlo askotan laguntzen ari naiz. Pozik nago horregatik. Iaz nire lehen urtea zen kategorian eta beti askoz gehiago kostatzen da hori. Ez dut uste gauza asko aldatu direnik, partida onak ere egin nituen orduan, baina baloia sartzen ez denean gehien ikusten dena da. Aurten ate aurrean gehiago asmatzen ari naiz. Nire helburua iazko sei golak lehenbailehen berdintzea zen. Gertatu da, eta aurrerantzean ere ahal dudan heinean taldeari laguntzen jarraitzea espero dut".