"Onenen aurrean neurtzeko aukera bat da"
"Onenen aurrean neurtzeko aukera bat da"
David Aznarrek konfiantza du Lezamak duen energian eta zaleekiko konexioan "liderren aurka lehiatzeko"
David Aznar, Athleticeko entrenatzaileak, agerraldia egin du 18:00etatik aurrera Lezaman jokatuko den partidaren atarian. Aurkariaren maila ezagututa, lehoiek onenen aurka neurtzeko aukera paregabea dutela azpimarratu nahi izan du: "Erronka gisa hartzen dugu. Oso aukera ona da eta hobeak izateko, talde hauekin neurtu behar dugu. Gure aukeretan sinesten dugu, eta batez ere etxean jokatzean".
Athleticeko entrenatzaileak argi du gogo osoz lehiatuko direla: "Min egiteko gaitasuna dugu, denboraldi honetan erakutsi dugulako. Orduan, saiatuko gara, baloiarekin eta baloirik gabe partidaren kontrola izaten, deseroso egoteko eta hiru puntu horiek lortzeko FC Bartzelonaren ate ingurura hurbilduko gaituzten aukerak bilatuz".
Aznarrek argi du lehoien jarrera onena izango dela, neurketa hau garrantzitsua baita bai maila pertsonalean bai talde mailan: "Talde honetan eta kamiseta honekin ez dago pentsamendu ezkorrik. Athletic Clubeko elastikoa janzteak, partidari ahalik eta motibazio handienarekin aurre egitea eskatzen dizu. Taldea inoiz baino kontzentratuago ikusi dut. Nik uste dut maila pertsonalean erronka bat dela, haientzat onenekin neurtu ahal izatea, eta talde mailan, gabeziak beti atera diezazkizukeen talde baten aurrean izan dezakegun gaitasuna ikusi ahal izatea. Daukagun onena aterako dugu, asko baita ".
Denboraldi honetan zehar zerbait frogatu bada Lezamako zaleen potentziala da: "Lezamak duen energia erakutsi nahi dugu. Oso pozik nago, zaleak lotuta daude talde honekin. Horixe nahi genuen, ilusioa itzuli. Erraldoi honen aurka borrokatuko dugu, eta badakit hamaika jokalari baino gehiago izango garela zelaian ".