“Asko eman diezagukeen partida da”

“Asko eman diezagukeen partida da”

Valverdek neurketa “lehiatua” espero du “zenbaki izugarriak” dituen arerio baten aurka

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak agerraldia egin du bihar 21:00etatik aurrera Montilivin Girona FC eta lehoien arteko partidaren atarian. Zuri-gorriek 17 egunen ostean berrekingo diote lehiaketari: “Jarraian jokatzen ari zarenean eta geldialdi bat iristen denean, gustura hartzen duzu beti, denbora gehiago duzula dirudielako, baina egunak aurrera joan ahala nahi duzuna lehiatzea da. Ohituta gaude horretara. Zure egoera kontuan hartuta hobeto edo okerrago etor dakizuke”.

Aurkariari dagokionez, teknikariak diagnostiko hau egin du: “Iaztik ondo dagoen taldea da. Europan sartzeko lehian egon zen azken unera arte. Orain zenbaki izugarriak daramatza. 13 partidatik 11 irabazi dituzte eta bakarra galdu Real Madriden aurka. Sekulako batez bestekoa da hori. Ondo indartu da eta oso jokalari onak ditu. Erasoan zein defentsan egoki jokatzen dute, ez dira urduri jartzen eta erabakitzeko gaitasun handia daukate. Ez da hain ustekabekoa, gauza hauek lortzen ari bada, merezimendu osoz delako”.

Azkenik, neurketari erreparatuz, Valverdek berdinduta egongo dela uste du: “Bakoitza partida bere eremura eramaten saiatuko da. Norgehiagoka lehiatua izango dela uste dut. Badakigu gauza batzuk hobetu behar ditugula, argi dago, baina ezin dugu horri bakarrik begiratu, ondo egiten duguna ere mantendu behar delako. Ahulak ez garela eta erasoan produzitzen dugula sentitu nahi dugu. Badakigu zein zaila den, baina argi dago asko eman diezagukeela”.