"Sekulako partida izan da"

"Sekulako partida izan da"

Ernesto Valverde, pozik agertu da Gironan lortutako puntuaren ostean taldea nola moldatu den ikusita

"Sekulako partida izan da: gogorra, bizia... oso ona. Asko genuen jokoan eta intentsitatez jokatu dugu, haiek bezala. Pozik noa taldea nola moldatu den eta nola egon den ikusita". Ernesto Valverde baikor agertu da hurrengo neurketei begira, bere Athletic edozein aurkariren aurka lehiatzeko gai dela egiaztatu ondoren. Gaur, exijentzia handiko norgehiagoka batean, lehoiek hiru izan zitezkeen puntu bat lortu dute: "Puntuek beti dute zapore hobeagoa galtzen zoazenean berdintzean alderantziz gertatzen bada baino. Ez dugu irabazi, baina gaurko gauza asko mantendu behar ditugu. Borroka gogorra izan da". 

Athletic, beste behin ere, fidagarria izan da atzean, eta azken unera arte garaipena lortzeko borrokatu zuen, norgehiagokaren norabidea galdu gabe: "Beti nahi dugu amaierara arte lehiatu. Partida bateko emozioek asko kontatzen dute. Neurketa honek lagundu egin behar digu aurrerapausoak emateko".