"Ez dugu nahi hau bolada puntual bat izatea"

"Ez dugu nahi hau bolada puntual bat izatea"

Ernesto Valverdek anbizio handia erakutsi du Athleticek Rayo Vallecanori 4-0 irabazi ostean

"Neurketa ona izan da. Menderatu egin dugu. Lehen zatian azken pasea falta izan zaigu arriskua golean bihurtzeko. Bigarrenean, 2-0ekoak lasaitu egin gaitu, argiago menderatu eta markagailua handitzeko aukera izan dugu. Norgehiagoka garrantzitsua zen taldeak Gironan erakutsi zuen maila berresteko. Gainera, ez dugu gehiegizko estutasunaik izan. Golik ez jasotzeaz harago, ez dugu arrisku gehiegirik pasatu. Partida itxiagoa izan da, ez diegu utzi baloiaren kontrola izaten eta egokiagoak izan gara golari begira", horrela deskribatu du entrenatzaile zuri-gorriak Athleticek Rayo Vallecanoren aurka lortutako garaipen handia.

"Rayo etxetik kanpo partida onak egiten ari da eta, zentzu horretan, neurketak zuen zailtasunagatik, ondo aritu gara, bere potentziala mugatu dugu eta sailkapenaren goialdean sendotzen gaituzten hiru puntu batu ditugu", jarraitu du.

Hala ere, taldeak bizi duen sasoi ona ikusita, anbizio handia agertu du: "Emaitza onak lortzen ari gara San Mamesen, aurreko urtean gainditu gabeko ikasgaietako bat baitzen. Baina denboraldia luzea da eta ez dugu nahi hau bolada puntual bat izatea, baizik eta mantendu ahal izango dugun zerbait izatea. Hori gertatzen da gure jokoa bizia delako".