Athletic Cluben adierazpena

Athletic Cluben adierazpena

2023/2024 denboraldirako RFEFeko Futboleko Lehen eta Bigarren Mailako Lehiaketako Arau Arautzaileak eta Oinarriak betez, espedizio zuri-gorriak Granadan emango du gaua, lehiaketako epaileak partidaren data berria noiz erabakiko zain

Athletic Clubek biziki sentitzen du Los Carmenes Estadio Berrian zale bat hil izana Ligako 16. jardunaldiko partidan. Neurketako epaileak eta bi klubek ados jarrita, norgehiagoka bertan behera utzi dute.

Arau Erregulatzaileek eta Lehiaketa Oinarriek ezarritakoaren arabera, Athletic Cluben espedizioa Granadako kontzentrazio-hotelera itzuli da, Lehiaketa Profesionaletako Epailearen irizpenaren zain.

Araudiak honela dio: "egutegi ofizialaren doitasuna dela eta, epaile batek, arauzko arrazoiak tarteko, partida bat hasi edo amaitu baino lehen eteten badu, talde bisitaria partida jokatzen den herrian geratzen saiatuko da, etete hori eragin duen arrazoia amaitzen bada, neurketa hurrengo hogeita lau orduetan jokatu dadin. Jokoa eragotzi zuen egoerak irauten badu, bi lehiakideek materialki lehiatu ahal izango duten lehen egunean egingo da".

Athletic Clubek, heriotzagatik gure doluminik beroena errepikatuz, etena eragin zuen zorigaiztoko arrazoia bertan behera geratu dela ulertzen du; beraz, norgehiagoka hurrengo 24 orduetan jokatzeko baldintzak betetzen dira.

Hori dela eta, Athletic Clubek 2023/2024 denboraldirako RFEFeko Futboleko Lehen eta Bigarren Mailako Lehiaketako Arau Erregulatzaileak eta Oinarriak aplikatuz, 2023ko abenduaren 11rako (astelehena) partida berriro hastea eskatu dio Lehiaketa Profesionaletako Epaileari.