Athletic Club 125 Legends taldearen deialdia

Athletic Club 125 Legends taldearen deialdia

Javier Clementek eta Jose Angel Iribarrek badute datorren larunbatean San Mamesen FC Porto Vintageren aurkako Legends partidan parte hartuko duten 22 futbolarien zerrenda

125. urteurrenaren larunbateko itxiera ekitaldian, Athleticen Legends taldeak eta Porto Vintagek elkarren aurkako partida jokatuko dute San Mamesen. Zuri-gorrien entrenatzaileek, Iribarrek eta Clementek, badute dagoeneko 22 lehoi ohien zerrenda. Deialdia egiteko irizpide nagusia elastiko zuri-gorriarekin jokatutako partiden kopurua izan da. Horrela, Athleticen historian 125 partida baino gehiago jokatu dituzten 145 jokalariek osatzen zuten partidarako balizko zerrenda. Hortik aurrera, jardunean zeuden futbolariak (futbol profesionalean konpromisoak zituztenak), hildakoak eta adinagatik, egoera fisikoagatik edo arrazoi pertsonalengatik partida jokatzeko prest ez zeudenak baztertu dira. Gainerakoei, ordenean, Legends Athletic Club 125 taldean parte hartzera gonbidatu zitzaien, 22 futbolariz osatutako hurrengo deialdia osatu arte.



Athletic Club 125

Markel Susaeta (507), Aitor Larrazabal (445), Julen Guerrero (430), Ismael Urzaiz (419), Mikel San Jose (397), Carlos Gurpegui (393), Gorka Iraizoz (392), Manolo Sarabia (382), Bittor Alkiza (328), Ander Iturraspe (320), Pablo Orbaiz (318), Rafa Alkorta (294), Íñigo Larrainzar (289), Txato Nuñez (258), Fernando Amorebieta (254), Javi Gonzalez (254), Beñat Etxebarria (242), Gaizka Toquero (207), Ibai Gomez (193), Luis Fernando (188), Igor Gabilondo (175) eta David Lopez (144).

Mitoz osatutako taldea

Legends partidarako deialdiak futbolari zuri-gorri ohien zerrenda bikaina biltzen du, guztien artean Athleticen elastikoarekin 6.829 partida ofizial batzen dituena. 80ko hamarkadan Liga eta Kopako azken tituluak irabazi zituen belaunalditik Javier Clemente, Manolo Sarabia eta Txato Nuñez ditugu. Bestetik, Klubaren historiako UEFAko bigarren finalera iritsi eta Europan jokatu ohi zuen belaunaldtik, Susaeta, San Jose, Gurpegui, Iraizoz, Iturraspe, Amorebieta, Beñat, Toquero, Ibai, Gabilondo edo David Lopez ditugu.

Horrez gain, zerrendak Julen Guerrero bezalako futbolari enblematikoa, Athleticek bere mendeurrenearen ospakizunean lortu zuen Ligako azpitxapelketaren ordezkaria, bere taldekide ziren Larrazabal, Alkorta, Alkiza, Larrainzar, Javi Gonzalez edo Urzaizekin batuko ditu berriz. Aipatutako belaunaldien artean, Pablo Orbaiz eta Luis Fernando bezalako jokalariak ere ageri dira. 

Halaber, norgehiagokako azken minutuetan, Javier Clemente eta Jose Angel Iribar entrenatzaileek eduki sinboliko eta emozional garrantzitsua duten hiru aldaketa egingo dituzte. Lehenik eta behin, Athleticeko emakumezkoen bi futbolari mitikok, Eli Ibarrak eta Ainhoa Tirapuk, emakumezkoen jokalari zuri-gorrien belaunaldi aitzindariak ordezkatuko dituzte. Eta azkenik, azken aldaketak benetako Legend baten ibilbidea sarituko du, pandemian izandako lesio baten ondorioz zelaian agur esaterik izan ez zuen aurrelaria maitatua. Larunbat honetan merezi duen txalo zaparrada jaso ahal izango du Aritz Adurizek.

Gogoan izan FC Porto Vintageren aurkako Legends partida Athletic Clubek eta Atletico Madrilek Ligan jokatuko duten partidaren ondoren jokatuko dela. Bi zati izango ditu, 25 minutukoak, zelaiak elkartrukatuz, baina atsedenik gabe.

Portugalgo taldearen burua 2023ko One Club Man-a izango da, João Pinto. Bere kideen artean, Rui Barros, Domingos Paciência edo Paulo Assunção bezalako jokalari ospetsuak izango dira.

Neurketaren epaileak Xabier Losantos Omar, Severo Gonzalez Lekue eta Santos Gutierrez Revilla izango dira.