Sevilla, 2023ko azken geltokia
Lehoiek Lezaman Levanteren aurka lortutako garaipenari jarraipena emanez amaitu nahi dute urtea
Athletic Clubek Sevilla FC taldearen aurka neurtuko ditu indarrak bihar, 18:30etik aurrera (DAZN). Andaluziarrek hiru puntuko aldea dute sailkapenean, eta zuri-gorriek aukera paregabea dute sailkapenean gora egin eta Gabonetako geldialdira sentsazio bikainekin joateko. Iragan igandean Lezaman galdu gabe zegoenLevante mendean hartu ondoren,talde zuri-gorriak Valdebebasen Real Madridi irabazi zion eta lau garaipen jarraian erdietsi dituen taldea izango du aurrean.
Jesus Navas Kirol Hiria izango da lehia honen eszenatokia. Bertan, intentsitate eta berdintasun handiko hiru puntu mamitsu jarriko dira jokoan. Hala izan zen iaz, Quiñonesek penalti erabakigarria gelditu eta Clara Pinedok, luzapenean, puntu bat lortu zuenean. Cristian Toro Sevillako taldearen teknikari izaten jarraitzen du eta Amanda Sampedro, Martin Pietro, Payne, Inma Gabarro eta Ana Francoren bezalako talentudun jokalariekin bloke oso sendoa osatu du. Gainera, talde andaluziarrak Gemma Giliren eta Maria Perez jokalariak gehitu ditu.
Athleticek, bere aldetik, 2023ari ginga jarri nahi dio tarteko postu horietan aurkari zuzen bati gailenduta. Gaur gaurkoz, Sevilla FC seigarren da eta lehoiek aurkaria puntuetan berdintzeko abagune aparta dute. Horretarako, sevillarren trantsizio azkarrei oso adi egon beharko dute. Estatistika Athleticen aldekoa da Sevillan, ez baitute galdu 2017-2018 kanpainatik Andaluziako lurretara egindako bisitetan. Ikusteke dago bi taldeetako zein den gai Gabonetara garaipenaren sariarekin edo puntu baten banaketarekin iristeko; izan ere, bitxia bada ere, bi lehiakideetako batek ere ez du berdindu Liga F-ko lehen hamaika jardunaldietan.