Muniain eta Lekue, Bizkaia Espetxeko 30 presorekin hizketan

Muniain eta Lekue, Bizkaia Espetxeko 30 presorekin hizketan

Topaketa Athletic Club Fundazioak Eusko Jaurlaritzarekin eta Bidesarirekin batera Basauriko espetxean garatzen duen proiektuaren barrukoa da

Walking Football-ean Fundazioko teknikariekin astearteetan entrenatzen duten 30 preso inguruk Iker Muniain eta Iñigo Lekue bisita berezia jaso dute Bizkaia Espetxean. Topaketa Athletic Club Fundazioak Eusko Jaurlaritzarekin eta Bidesari erakunde sozialarekin batera Basauriko espetxean garatzen duen proiektuaren barruko ekimena da.

Johana Ruiz-Olabuenagak, Gizarte Arloko zuzendariak, gizonezkoen lehen taldeko jokalariei lagundu die Bizkaiko Espetxera egindako lehen bisita honetan. Bertan ere izan dira Eusko Jaurlaritzaren izenean, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Vicenta Alonso espetxeko zuzendaria eta Javier Landeta, Euskadiko Futbol Federazioko presidente eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Digitaleko eta Azpiegituretako zuzendaria.

Ordubete inguru eman dute presoek jokalariekin harremanetan, eta entrenamenduez, lehiaketaz, eliteko futbolari gisa izandako esperientziez eta, nola ez, Athleticek bizi duen kirol-une onaz galdetu diete. Muniainek eta Lekuek euren egunerokotasunari buruz hitz egin diete, talde lanaren garrantzia azpimarratuz eta futbolaren eta bizitzaren arteko paralelismoak ezarriz: ez amore ematea inoiz, egunero beste partida bat dela jakinda.

Futbolarien parte-hartzearen aurretik, Johana Ruiz-Olabuenagak “kirola eta, zehazkiago, futbola, tresna sozial eta terapeutiko gisa” garrantzitsutzat jo du. "Athletic Clubek, Fundazioarekin batera, elkarlanean aritzeko eta Bidesari bezalako erakundeei bere ekarpena egiteko erabiltzen duen tresna da. Taldeko kirolak bakardadeari aurre egiten laguntzen du, eta balio oso positiboak sustatzen ditu norberaren errekuperaziorako eta gizarteratzeko”.

Bestalde, Nerea Melgosa sailburuak eskerrak eman dizkie jokalariei eta Athletic Club Fundazioari hitzaldi honetan parte hartzeagatik, askatasunik gabeko pertsonentzat diseinatutako kirol eta garapen pertsonaleko programa indartzen baitu. “Bigarren aukerak existitzen dira eta zuek zuena izan dezakezue. Entzun zer esaten dizueten pertsona hauek, sendotasun fisikoa lantzen baitute, baina baita mentala ere”, esan die Nerea Melgosak bertaratutakoei.

Sailburuak balioa eman dio espetxeetan egiten den eguneroko lanari, kirol-entrenamenduekin paralelismoa eginez. “Hemen gainditzearen jokaldiak egunero entrenatzen ditugu. Prestakuntza, jarduera eta tailer bakoitza helburu horrekin pentsatuta daude. Badakigu kalera itzultzen zaretenean hainbat ezbehar izango dituzuela. Baina hor aplikatu behar duzue entrenamenduetan ikasitakoa. Horretarako ahalegindu zarete eta entrenatu zarete; haiek garaitzeko eta eskuadratik gol ederra sartzeko”, esan du.

Melgosak presoei opa die “aukeraz betetako 2024a; gure laguntza baduzue, gainerakoa zuen esku dago”.