Sara Ortegak 2026ra arte berritu du

Sara Ortegak 2026ra arte berritu du

Azken bi denboraldietan harrobi mailako Munduko eta Europako txapeldun izan da eta 18 urterekin David Aznarren hamaikakoetan jokalari garrantzitsua bilakatu da

Athletic Clubek eta Sara Ortegak (18 urte) akordioa itxi dute jokalariaren kontratua bi denboraldiz luzatzeko, 2026ko ekainaren 30era arte, beste denboraldi bat luzatzeko aukerarekin. Etorkizun oparoa duen jokalari zuri-gorri balioaniztuna, 17 urtez azpiko Munduko (2022) eta 19 urtez azpiko Europako (2023) txapelduna, elitean oso sendo ari da eboluzionatzen. David Aznarren hamaikakoetako jokalari garrantzitsua da, 15 nuerketa ofizialetatik 14tan parte hartu du.

Ortega Logroñokoa da, eta 11 urte besterik ez zituela hasi zen teknifikazio lanetan Lezaman. 2019tik dago Athletic Clubekin lotuta, Kadete mailan jokatzen hasi zenetik. Urtebete geroago, Femenino C taldera egin zuen jauzi, eta bigarren taldearekin ere nuerketaren bat jokatu zuen. 2021-2022 denboraldian, gaztea izan arren, bigarren taldearentzat erabakigarria izan zen, minutu asko pilatu eta bost gol sartu baitzituen. 2022ko urtarrilean, Iraia Iturregirekin debuta egin zuen lehen taldean 17 urte bete baino lehen, Kopako norgehiagoka batean. Racingen aurkako kanporaketa hartan, Torrelavegan, lehoi bezala sartu zuen bere lehen gola. Ikasturte horretan, 11 partidatan parte hartu zuen titular gisa, eta lau neurketetan ordezko gisa.

Zalantzarik gabe, aurten Lehen Mailan egonkortzen ari da eta, gaztea izan arren, ezinbesteko futbolaria izaten ari da David Aznarrentzat, batez ere hegaletik jokoa sortuz eta Sporting Huelvari Lezaman gol bat sartuz. Zuri-gorria oso pozik agertu da San Mamesen sinatu duen kontratu berritzean: "Ametsa da 14 urterekin iritsi nintzen Klubean jarraitzea. Lezamako maila guztietatik igaro naiz; Kadeteetan, C taldean eta B taldean eta orain Lehen Mailan minutu gehiago jokatzeko eta futbolari gisa hazten jarraitzeko lehian aritu beharra daukat. Entrenatzailearen konfiantza sentitzen dut eta denboraldia oso ilusionagarria izaten ari da".

Honela deskribatu du Sarak Athleticengatik sentitzen duena: "Oso gustura nago hemen, oso eskertuta beti nigan erakutsi duten konfiantzagatik. Athletic ezberdina da eta barrutik bizitzea oso berezia da. Klubaren batasuna nabaria da, bai beheko mailetan zein lehen taldeetan, gizonezkoetan eta emakumezkoetan".