
"Dena emango dugu gau handi bat bizi ahal izateko"
"Dena emango dugu gau handi bat bizi ahal izateko"
Valverdek partida honi aurre egiteko gogoz daudela aitortu du, Athletici Kopako bosgarren finalerdia jarraian jokatzeko txartela eman diezaioeena, eta "San Mamesen babesa sentitzea" espero du
Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak agerraldia egin du lehoiek bihar San Mamesen, 21:30etik aurrera, FC Barcelonaren aurka jokatuko duten Kopako final-laurdenetako kanporaketaren atarian: "Ondo eta partida honi aurre egiteko gogoz gaude, finalerdi baterako txartela eman diezagukeen kanporaketa baita. Badakit jarraian datozen partidak direla, baina bihar bizitasun hori nabaritu behar da. Biok dakigu asko dugula jokoan. Badakigu zaila dela, Barça ligako egungo txapelduna baita eta oraindik ez baitu etxetik kanpo galdu denboraldi honetan. Txapelketa irabazteko faboritoa izan daitekeen aurkaria da, baina San Mamesen jokatzen dugu, gure zaleekin, eta dena emango dugu gau handi bat bizi ahal izateko".
Deportivo Alavesen aurkako final-zortzirenetan gertatu bezala, talde katalanaren kontrako kanporaketa partida bakarrera eta Katedralean jokatuko da berriro: "Argi dago ikusleek bultzatu eta estutu egiten dutela arerioa. Zelaian babes hori sentitu behar dugu. Gure jokoarekin haiek gurekin are gehiago egotea lortu behar dugu. Jabetzarekin oso talde indartsua dira, askotan atzeraka bultzatzen zaituzte. Aldi berean, espaziora joka dezakeen jendea du. Estu samar sentitzen denean, bertsio ona ematen du".
Iragan larunbatean Valentzian galdu ondoren, talde zuri-gorriak galdu gabeko ia hiru hilabeteko boladari amaiera eman zion, baina entrenatzaileak ez du uste horrek eraginik izango duenik: "Ez da galtzen dugun lehen aldia, eta beti ematen du min, inoiz ez baitzaizu aukerak pasatzen uztea gustatzen. Aurreko egunean, agian, argitasun apur bat falta izan zitzaigun zenbait momentutan. Zutitu eta hurrengo neurketan pentsatu behar da".
Azkenik, Valverdek Sanchez Martinez izan du hizpide, norgehiagoka zuzenduko duen epailea: "Asko gustatzen zaidan epailea da, batez ere etxetik kanpo jokatzen dugunean, presioari oso ondo eusten diolako. Berdin da nor den, partida bakoitza desberdina da eta espero dezagun guk bezala bere lana ahalik eta hobekien egin dezan hutsik egin gabe. Gu jokoan eta gauzak ondo egiten zentratu behar gara Gainerakoa zarata da. Alde batera utziko dugu eta interesatzen zaigunean jarriko dugu arreta".
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - FC Barcelona

