Euskal Non-League Day-ren bigarren edizioa

Euskal Non-League Day-ren bigarren edizioa

Athletic Clubek martxoaren 23an eta 24an oinarri-futbolaren urteroko jaia ospatuko du pizgarriz beteriko egitarauarekin hitzartutako klubetarako eta tokiko zaleetarako

Athletic Clubek, Fundazioaren eskutik, II. Euskal Non-League Day programa aurkeztu die San Mamesen hitzartutako klubei. Oinarri-futbolaren aldeko ekimen hau martxoaren 23an eta 24an ospatuko da, gizonezkoen Lehen Mailako nazioarteko geldialdia aprobetxatuz. Johana Ruiz-Olabuenagak, Athletic Clubeko Gizarte Arloko zuzendariak, aurtengo nobedadeen berri eman die bilerara bertaratu diren klubetako ordezkariei, eta ekitaldian parte hartzera animatu ditu. Athleticekin hitzartutako 170 klub guztiei zabaldutako gonbidapena da.


Euskal Non-League Day ekimenaren helburua da talde hitzartuek eta hauek ordezkatzen duten futbol hezitzaileak gizartean eta kirolean duten garrantzia azpimarratzea. Horretarako, merezi duten ikusgarritasuna eta aintzatespena ezagutzera emateaz gain, Athletic Clubek zozketa erakargarriak antolatu ditu tokiko zaleek festan eta Euskal Non-League Day jaialdiaren bigarren edizioan parte har dezaten.

Bidaia eta egonaldia, sarrerak eta kamisetak

Hitzartutako klub bakoitzak Athletic Clubek antolatutako zozketetarako txartel sorta bat jasoko du. Txartelaren prezioa 3 €-koa da, eta bildutako diru guztia hitzartutako klubarentzat izango da, eta hauek komunitateko gizarte-erakunde batera bideratu ahal izango du zenbatekoaren zati bat.
Euskal Non-League Day dela eta, txartel sorta honetarako zozketatuko diren hiru sariak (bi orokor eta beste bat parte hartzen duen hitzartutako klub bakoitzerako) honako hauek dira:

  • Sarrera bikoitza, bi lagunentzako bidaia eta egonaldia gizonezkoen lehen taldearekin batera San Mamesetik kanpo jokatuko den LaLigako partida batera. Zenbaki guztiekin lehen sari orokorra da.
  • 'Lions Experience'-en sarrera bikoitza San Mamesen jokatuko den LaLigako partida batean. Honen barne daude VIP eraztuneko eserlekuak, welcome pack-a, eta estadioaren barrura sartzea futbolarien etorrera barrutik bizitzeko, zelaian bertan egiten diren beroketak ikusteko, eta partida amaitzean lehoi batekin topaketa. Zenbaki guztiekin bigarren sari orokorra da.
  • San Mameseko partida baterako sarrera bikoitzak. Modu independentean zozketatuko dira hitzartutako klub parte-hartzaileen zelai bakoitzean. Zozketa partiden atsedenaldian egingo da, txartel sorta bakoitzari dagozkion zenbakien zerrenda bakarrik kontuan hartuta, hitzartutako klub bakoitzak bere zozketa egin ahal izan dezan. Irabazleak zelaian egon beharko du saria jasotzeko.

Gainera, tokiko zelaietara bertaratzea sustatzeko, Athletic Clubek gizonezkoen lehen talde osoak sinatutako kamiseta bat, emakumezkoen lehen taldeak sinatutako kamiseta bat eta LaLigako partida baterako bi sarrera zozketatuko ditu martxoaren 23an eta 24an Twitterrera, Facebookera edo Instagramera #EuskalNonLeagueDay traola erabiliz oinarri-futboleko partida batean argazki bat igotzen duten pertsona guztien artean.

Erresuma Batuan oso errotuta dagoen gizarte-mugimendua

Lehen Euskal Non-League Day-ak, 2023ko irailaren 9an eta 10ean Euskal Herriko 20 zelaitan izan zenak, utzi zuen oroitzapen onaren ondoren, Athletic Clubek bigarren edizio hau antolatu du martxoaren 23an eta 24an, jatorrizko Non-League Day-rekin bat eginez. Mugimendu sozial britainiar hau 2010ean sortu zen, Premier Leagueko lehiaketarik gabeko egun bat futbol ez profesionala babesteko aprobetxatzeko asmoz.

Athletic Clubek, ekimen komunitario honek sustatzen dituen balioak bere nortasunarekin zuzenean lotzen dituela jakinda, harreman estua du Erresuma Batuko antolakuntzako arduradunekin, baita James Doe fundatzailearekin ere.

Elkar ulertze on horren ondorioz (James Doek bisita egin zigun lehen Euskal Non-League Day ekitaldian), Athletic Clubek datozen egunetan iragarriko ditu bi ekitaldien arteko lankidetzak. Iaz ere Non-League Day britainiarrean parte hartu zuen Klubak, athleticzaleekin batera Dulwich Hamlet-ek Oxford Cityren aurka Londres hegoaldeko Champion Hill-en jokatutako partidan.