
Yuri: "Ostiraleko partida berebizikoa da"
Yuri: "Ostiraleko partida berebizikoa da"
Zarautzekoak San Mamesen hiru puntu batzea eta Europako lasterketan aurrera egitea espero du "etorkizun oparoa" duen Athleticentzat
"Ostiraleko partida oso garrantzitsua da denboraldi amaieran goian amaitu ahal izateko, bertan egon nahi baitugu. Aurkariek bultza egiten dute eta mentalizatu egin behar dugu dena eman eta irabazteko". Yuri Berchiche sendo eta argi agertu da ostiral honetan San Mamesen jokatuko den Athletic Club-RCD Mallorca partidaren garrantziaren inguruan. Garaipena, aurkari deseroso eta kementsu baten aurka azken denboraldietan, ezinbestekoa da sailkapenaren goialdean borrokatu nahi duen Athleticentzat: "Aurkari zaila da. Atzean bosteko defentsa sartzeko ohitura dute eta fisikoki oso jokalari indartsuak dituzte. Aurten iazko partidaren antzekoa jokatzen badugu, garaipena lortuko dugu, eraginkorrak izaten ari garelako. Ikusten ari gara oso zaila dela aurkariek San Mamesen puntuak batzea. Gure jendearen indarra baliatu behar dugu irabazteko. Hilabete hau aurrera atera behar dugu bai ala bai".
Zarautzen jaiotakoa beteranoetako bat da taldean eta kamiseta zuri-gorriarekin eman dituen denboraldien artea aurtengoa gogoangarrienetako bat dela aitortu du: "Talde honek etorkizun oparoa du. Hemen daramadan sei urteetatik, talde mailako sentsazioak onenak izaten ari dira. Oraindik gauza asko ditugu lortzeko, talde jatorra egiten ari gara, energia ematen duten gazteekin eta irakasteko esperientzia maila hori dugun beste batzuekin. Pozik nago gauzak nola doazen ikusita".
Atzelari zuri-gorria zelaian gozatzen ari dela dio: "Ondo nago. Zure buruarekin ondo egotea da garrantzitsuena. Berriz ere bete-betean nago eta gustatzen zaidanaz gozatzen. Aurten sentsazioak oso positiboak izaten ari dira".