Jon Uriarte: “Bide onetik goaz”
Mikel Gonzalez futboleko zuzendari nagusiak "Athletic orainaz eta etorkizunaz planifikatzeko dugun anbizioa" azpimarratu du
Jon Uriarte Athletic Clubeko presidenteak eta Mikel Gonzalez futboleko zuzendari nagusiak prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean San Mamesen, denboraldiaren erdiaren balantzea egiteko, neguko merkatua itxi ondoren. "Bide onetik goaz, baina oraindik ez dugu ezer lortu. Zailena geratzen zaigu: itxaropenak kudeatzea eta irabazlearen DNA mantentzea", adierazi du presidenteak, ilusioz betea, gizonezkoen lehen taldearen martxaren balorazio positiboa eginez. Bere hitzaldian, Uriartek LaLigan jarri du arreta, "guretzat garrantzitsuena den lehiaketan", eta edozein faboritismotik ihes egin du Kopako finalerdiari buruz berba egiean: "Atletico kriston taldea da, oso aurkari indartsua. Ziur nago beraiek ere gauza bera pentsatzen dutela gutaz". Zentzu horretan, "taldeak jarraian daramatzan bost finalerdien meritua" eta oinak lurrean izatearen garrantzia azpimarratu du presidenteak. "40 urte daramatzagu Kopa irabazi gabe. Ez da bidezkoa egungo futbolarien belaunaldiari ardura hori bere gain jartzea", gogorarazi du Uriartek.
Bestalde, Mikel Gonzalezek neguko merkatuaren itxiera baloratu du, eta "egungo eta etorkizuneko Athletic anbizioz planifikatzen" dugula esan du, Adama Boirori eta Lezamara batu diren azken fitxaketei erreferentzia eginez. "Nico, Sancet eta Simon bezalako jokalariek Athleticen proiektuan sinestea eredua da gure harrobiko jokalarientzat eta gurera erakargarri nahi ditugun euskal futbolarientzat", adierazi du futboleko zuzendari nagusiak. Era berean, Mikel Gonzalezek oso positibotzat jo du taldeak denboraldi honetan egindako lana: "Esan genuen plantilla osoagoa genuela aurten eta taldeak hala erakutsi du, Ernesto Valverderen eskutik, ez baitago entrenatzaile hoberik jokalariei errendimendu handiena ateratzeko". Ildo horretatik, gazteenen eta Ruiz de Galarreta fitxaketaren ekarpena azpimarratu du Gonzalezek: "Taldeak aurrerapausua eman du joko aldetik eta emaitza aldetik. Gehiago asmatzen du ate aurrean eta gauzak zail jartzen direnean kapaz gara egoerari buelta emateko. Hau dena jokalari oso gazteen parte hartzearekin. Lezamako katea oso bizirik dago", gehitu du futbol zuzendari nagusiak.
Ez presidenteak ez futboleko zuzendari nagusiak, dagokien bezala, ez dute hitz egin berritzeei edo negoziazioei buruz. Jon Uriartek laudoriozko hitzak eskaini dizkio Iker Muniainen ibilbideari, "Athleticen benetako mitoa" delako, eta Mikel Gonzalezek jakinarazi du "ekainean kontratua amaitzen duten jokalari guztiekin harremanetan" daudela.
Emakumezkoeen lehen taldea
Emakumezkoen lehen taldearen balantzeari dagokionez, Mikel Gonzalezek neguko merkatuan Irati fitxatu izana azpimarratu du, eta denboraldi honetan egindako belaunaldi-trantsizioari ere erreparatu dio, "minutuen % 66 24 urtetik beherako jokalariek jokatu dutelako". "Lezaman, taldea lehiakorra eta ausarta da, eta etxetik kanpo aurrerapausoa ematea falta zaio", adierazi du emakumezkoen lehen taldearen balantzeari buruz.
Halaber, futboleko zuzendari nagusiak dei egin du zale athleticzaleak asteazkenean Lezamara joan daitezen UD Teneriferen aurkako Kopako final-laurdenetako kanporaketara.
CVC Inbertsio-funtsari buruz
CVC funtsari buruz galdetuta, presidenteak argi utzi du "Athletic Clubek ez duela inolako eragozpenik klubak CVC Inbertsio-Funtsarekin akordio batera iristeko, baldin eta LaLigatik independentea den sozietate bat osatzen badute eta Klubak maileguaren bermatzaile gisa agertu behar ez badu". Era berean, presidenteak azaldu du zergatik ez zen interesgarria Athletic Clubentzat, aurreko Zuzendaritza-Batzordeak egoki erabaki zuen bezala: "CVC-ren dirua gehienbat instalazioetarako eta fitxaketetarako erabili behar da, eta zelai berriarekin, Lezamako instalazioak berrtiu ostean eta gure filosofiarekin ez zuen zentzurik CVC-rekin bate egiteak. Gainera, finantzaketa horren kostua oso handia da. Azkenik, Athletic Clubek bere bazkideen interesak defendatzen ditu, horiek baitira Klubaren jabeak. Ez genuen Athleticen etorkizuna 50 urtera baldintzatu nahi".
Arbitrajeari eta VAR-ari buruz
VAR-aren inguruan galdetuta, presidenteak mezu hau helarazi du: "Errespetu osoa diogu arbitraje-estamentuari, Klubean arau den bezala". Jon Uriartek arbitroen lana goraipatu du, "oso konplexua eta esker txarrekoa baita", eta "ezinbesteko elementua" direla gogorarazi du, "haiek gabe ez baitago futbolik".