"Koparako prestakuntzarik onena ligan ahalik eta ondoen lehiatzea da"

"Koparako prestakuntzarik onena ligan ahalik eta ondoen lehiatzea da"

Athletic Clubeko teknikariak FC Barcelonaren aurkako finalerdietako partida baloratu du igandean Sporting Huelvaren aurkako irteera gogorrari aurre egin aurretik

David Aznarrek agerraldia egin du Lezaman FC Barcelona Erreginaren Kopako finalerdietako aurkaria izango dela jakin eta minutu gutxira. Entrenatzaileak esan duenez, "inork nahi ez zuen aurkaria da, Europan erakusten duen nagusitasunagatik". Entrenatzaile zuri-gorriak titulurako faboritoa dela uste du, baina "180 minutuak ilusioz borrokatuko ditugu eta kanporaketa pasatzeko ahal dugun guztia egiten saiatuko gara. Barçarik onena espero dut Kopan, denboraldi honetan ahalik eta titulu gehien irabazteko erronka ere baduelako. Erreferentzia bat da guztiontzat, gure bertsiorik onena ematea eskatzen digun taldea da. Aukera eta erronka kontuan hartuta, hazten saiatu behar dugu. Finalerdietan gaude Lehen Mailako hiru talde kanporatu ondoren. Inork ez digu ezer oparitu eta Athleticek hil arte borrokatuko du. Jendea animatzera etortzea espero dut, oso partida berezia baita talde handi baten aurka".

Athleticek igande honetan, 18:00etan, ekingo dio berriro Liga txapelketari eta Huelvako Sporting Clubeko futbol zelaian jokatuko du. Liga F-n bi porrot jarraian jaso ondoren, Aznarrek uste du "Koparako prestatzeko modurik onena ligan maila gorenean lehiatzea dela. Ezin dugu alde batera utzi hazten eta etorkizunarekin ilusionatzen gaituen txapelketa. Bi partidak irabazteko asmoarekin jokatuko ditugu, sailkapenean puntuak behar ditugulako".

Sporting Huelva sailkapeneko azken postuan dago 4 punturekin eta Aznarren arabera, "asko sufritzen ari da eta horrela izaten ari da azken denboraldietan, lehen mailan geratzea lortu baitute. Etxeko partida bakoitza final bat bezala ikusten dute". Entrenatzaile zuri-gorriak, halaber, igandeko arerioaren defentsa-indarra nabarmendu du ere. "Geratzen zaizkigun partida guztiak irabazteko exijentzia dugu, denboraldi honetan eraiki nahi dugun anbizioa eta pentsamoldea da", gehitu zuen.