
"Gironaren aurkako neurketa ikusgarria izango da"
"Gironaren aurkako neurketa ikusgarria izango da"
Unai Gomez lasai aurkitzen da lehen taldean sartu osteko bizimodu berriarekin: "inguruan oinak lurrean mantentzen dizkidan jendea dut"
Datorren astelehenean Girona FC taldeak San Mames bisitatuko du. Europako postu bat lortzeko lehian ari diren bi talderen arteko lehia izanog da ikusgai. Unai Gomezek badaki zaila dela Gironako taldeari aurre egitea, baina lehoiak gogotsu eta prest ikusten ditu maila honetako norgehiagokari aurre egiteko: "Gironak ez gaitu beldurtzen. Asteleheneko partidarako gogo handia dugu. Neurketa bikaina izango da San Mamesen, gure jendearekin. Lehen itzuliko norgehiagoka gogoratuz gero partida bikaina jokatu genuen eta puntu bakarra ekarri ahal izan genuen Bilbora. Oso kontzentratuta egon behar dugu, burua astelehenean jarri eta hiru puntuak ateratzen saiatu".
Kopako finalerdiko itzulerako neurketa zerumugan dagoela, Unai Gomezek eta Athleticeko jokalariek helburu komun bat baino ez dute buruan: "Aldagelan oso argi daukagu gure helburu nagusia Europan sartzea dela, eta hori lortu arte ez gara geldituko. Jakina, Kopako final bat jokatzea eta irabaztea izugarria izango litzateke, baina, esan dudan bezala, oraintxe bertan Girona FC eta Real Betisen aurka LaLigan ditugun partidetan bakarrik pentsatzen dugu. Ziur ondo etorriko zaizkigula San Mamesen finalerdietako itzulerako partida prestatzeko".
Talde zuri-gorriak etxetik kanpo lortutako azken emaitzekin izan zuen sentsazioari dagokionez, Bermeoko erdilaria oso argi mintzatu da: "Pertsonalki ez nintzen pozik geratu. Almerian aukera on bat galdu genuela uste dut, hiru puntu batzen ez ditugun bakoitzean aukera galdu bat delako. Taldeari gehiago laguntzeko arantzarekin geratu nintzen".
Azkenik, bermeotarrak lehen taldean sartu izanaz eta bere herrian sumatzen duen ilusioaz hitz egin du: "Uste dut nahiko ondo eramaten ari naizela lehen taldean sartzeak dakarren guztia. Lasai jarraitzen dut, inguruan jendea daukat oinak lurrean jartzen dizkidana eta oso ondo eramaten ari naiz. Jendeak asko animatzen nau kaletik ateratzen naizenean, bai ni, bai Jauregizar ere bai. Urte asko ziren lehen taldean Bermeoko inor ez zegoela eta orain bi daude. Harro egoteko modukoa da herriarentzat, eta indar handia bidaltzen digute".