"Aukera garrantzitsua dugu”

"Aukera garrantzitsua dugu”

Valverdek "oso neurketa ona" egitea espero du "etxetik kanpoko partidetan puntu gehien ateratzen dituen bigarren taldea" gainditzeko

Ernesto Valverdek bihar San Mamesen Girona FCren aurka jokatu aurretik Lezaman prentsa agerraldia egin du. Entrenatzailearentzat astelehenekoa sailkapenean berresteko abagune aparta da: "Bi taldeak oso ondo kokatuta gaude. Zenbat eta gorago egon, orduan eta hobeto. Guk bihar aukera garrantzitsua dugu aurretik ditugunekin puntuak murrizteko eta atzekoekin errenta handitzeko. San Mamesen jokatzen dugu eta garaipenaren bila joan behar dugu".

Hala ere, aurrean izango duten arerioaren maila eta taldeari eragingo dizkion zailtasunen jakitun da Valverde: "Joko eta konbinazio maila oso altua dute. Teknikoki oso onak dira eta oso erraz iristen zaizkizu gora. Nolanahi ere, bihar gailentzea espero dugu. Girona oso oldarkorra da etxetik kanpo. Neurketa bakarra besterik ez du galdu, Bernabeun eta etxetik kanpo bigarren talderik onena da. Bere zenbakiek dena esaten dute, denbora askoan txapelketako talde sasoikoena izan da. Aparteko denboraldia egiten ari den taldea da. Aurkari handia da bihar aurrean duguna, oso partida ona egin beharko dugu horiek gainditzeko".

Lehoien alde Katedrala eta bere zaleak izango dira, bilbotarrek aurrerantzean izango dituzten lehia garrantzitsuetan emaitza oso onak erdiesten jarraitzea espero duen gotorlekua: "Badakigu aurten partida onak egiten ari garela San Mamesen. Sendotasun handia izaten ari gara, baina norgehiagoka garrantzitsuak datoz maila altuko arerioen aurka, eta haien orain arteko ildoari eutsi behar diogu. Biharkoa horren froga da".