
Txema Noriega: haur baten ametsetik gol historiko bat sartzera
Txema Noriega: haur baten ametsetik gol historiko bat sartzera
Aurrelari zuri-gorria ohiak 59 urte eman ditu bazkide gisa eta jokalari moduan lortu zituen tituluak oroitu ditu
"Ez dago dena galduta, Noriegak gola sartu du". Kontakizun ezberdinek diotenez, El Salvadorko armadaren tiroketa batean kanpandorre batean errefuxiaturik zeudela, Jon Sobrino jesuitak irrati txiki baten bidez Indautxuko aurrelariak egindako tantoa entzun eta, gerraren gordintasunaren erdian, Ignacio Ellacuria kideari helarazi zion. Bi euskaldun unibertsal, bi bake-gizon, Euskal Herritik milaka kilometrotara eta egoera txarrenetan ere pasio zuri-gorria partekatzen.
1984ko apirilaren 22an, Pazko Igande eta Aberri Egunean, Athleticek Mestallan, Real Madrid urtebete lehenago erori zen zelaian, LaLigako titulua erdiesteko partida erabakigarria jokatu zuen. Harmailetan milaka zale zuri-gorri zeudela, Aste Santuaz gozatzera joandako asko eta Mediterraneo ertzean dauden zaletu taldeen bultzada ikaragarriarekin. Horiek horrela, 77. minutuan, Danik markagailua ireki eta txapelketa irabaztea esku-eskura jarri zuela zirudien, baina Suso Garcia Pitarchek berdinketa lortu zuen handik gutxira, LaLigak atzamarren artean ihes egiten ari zela zirudien. Baina, Javier Clementek zuzentzen zuen taldearen erresilientziaren adierazgarri, Danik beste jokaldi bat egin zuen ezkerretik, baloia area barruan jarri zuen eta hor agertu zen Txema Noriegaren burua. «Bederatzi» bilbotarrak betierekotasunerako pasaportea irabazi zuen errematea konektatu zuenetik pilotak sarea jo zuen arte igaro ziren une amaigabeetan. Mestallako harmailetan, Bilbo, Bizkaia eta Euskal Herriko kaleetan transistoreen laguntzarekin eta El Salvadorren bezala planetako hainbat tokitan ospatu zen.
Ondoren, Athletic Clubek Real Sociedad mendean hartu zuen San Mamesen eta, sufrikario handiarekin, LaLigako zortzigarren titulua ziurtatu zuen. Astebete geroago, 1984ko maiatzaren 5ean, kolore zuri-gorriz tindatutako Santiago Bernabeu estadioan, Athleticek Futbol Club Barcelona garaitu eta Kopako beste txapelketa bat irabazi zuen. Ondorioz, Noriegak Mestallan eta Endika Guarrotxenak Madrilen sartutako golek ohorezko lekua dute Klubaren historiako orrialderik ederrenetako batzuetan.
1958ko azaroaren 14an jaioa, Txema Noriegak bere oroitzapenak partekatzeko beta izan du. Dagoeneko 59 urte eman ditu bazkide gisa eta 1966an Zaragozaren aurkako Madrilen jokatutako Kopako finala bertatik bertara ikusteko beta izan zuela oroitzen du, bere aita zenarekin batera San Mamesera joandako garaiak bezala. Athleticen beheko mailetatik igaro ondoren, 1980ko martxoaren 16an debutatu zuen Vicente Calderon futbol zelaian zero-bat irabaztea lortu zen partida batean. Harrezkero, 244 norgehiagoka jokatu zituen elastiko zuri-gorriarekin, 56 tanto erdietsiz. 1983an eta 1984an lortutako LaLiga tituluetan parte hartu zuen, 1984ko Kopa eta Superkopa eskuratzeaz gain. Garai historiko hori gogoratu du Indautxuko aurrelariak San Mamesen, "taldearen indarra" eta talde hark garai zailetan egindako "beharrezko" ekarpen soziala azpimarratuz.