“Emaitzak garrantzi berezia du”
Athleticentzat bizia eta garrantzitsua den astean, Ernesto Valverdek "pausoz pauso" joan nahi du
Entrenatzaile zuri-gorria komunikabideen aurrean agertu da lehoiek Benito Villamarin zelaian Real Betisen aurka jokatuko duten norgehiagokaren aurreko azken entrenamendua osatu aurretik. Bilbotarrek Europako postua lortzeko lehia zuzenari egingo diote aurre: "Jardunaldiko emaitzak alde batera utzita, biharko partidan bosgarren sailkatuak eta zazpigarrenak jokatuko dute. Garrantzitsua izaten jarraitzen du, distantziak ez baitira handiak bi taldeen artean. Aukera bat da guretzat. Denboraldi luzea geratzen da, baina gauzak erabakitzen gasten diren sasoiko unean gaude. Emaitzak garrantzi berezi bat hartzen du. Neurketa ehuneko ehunean egoteko bezain motibagarria da".
Metropolitanon Kopan lortutako garaipena izan ezik, Athletic Clubek bi berdinketa eta porrot bat erdietsi ditu Ligan egindako azken bisitetan. Garaipena desiatzen izango den aurkariaren aurka, Valverdek taldeak etxetik kanpoko dinamika aldatuko eta hiru puntuak erdietsiko dituela espero du: "Egia da LaLigako azken hiru irteeretan ez dugula golik sartu. Aurretik topaketa garrantzitsuak genituen, baina egia da hobetzeko gauzak genituela. Estutu gaituzten arerioei ere meritua eman behar zaie. Jakina, hori aldatu nahi dugu, irabazi nahi dugu eta, horretarako, aukera argiak sortu behar dira. Ondo atera zaizkigun neurketei erreparatuko diegu, eta ziur gaude horiek errepikatu ditzakegula. Betisek ordaina hartu nahiko du, kalitate handiko taldea da eta edozein jokalarik erabakin dezake partida. Haien maila berdindu eta jokoan nagusitu beharko gara".
Talde zuri-gorria ilusioz beteriko aste baten aurrean dago, baina Athleticeko entrenatzaileak zuhur jokatzea nahiago du: "Txapelketaren bilakaerari dagokionez aste bizia eta garrantzitsua da. Ez dut hurrengo partidan pentsatu nahi. Pizgarri asko ditugu aurretik eta lehena Real Betis da. Aurkari zuzenen aurka lehiatuko gara Ligan, baita Kopako finalerdian ere. Onena pausoz pauso joatea da, hurbilen dugun neurketan zentratuta mantentzea".