"Zuetaz harro – Ez dadila haria eten", M-7ko Kopako finalerdirako mezu aldarrikatzailea

"Zuetaz harro – Ez dadila haria eten", M-7ko Kopako finalerdirako mezu aldarrikatzailea

Athletic Clubek, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bat egin dute osteguneko Kopako finalerdietako norgehiagoka bultzatzeko, 19:00etan, San Mamesen, Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan

Nerea Ortiz Athletic Clubeko lehen presidenteordeak, Amaia Arregi Bilboko jarduneko alkateak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak agerraldia egin dute San Mameseko Jose Iragorri prentsa-aretoan, "Zuetaz harro – Ez dadila haria eten" aldarrikapen mezuarekin partida aurkezteko. Bertan, emakumezkoen futbolaren aitzindariak omendu, egungo futbolariei babesa eman eta kirol hau gazteenen artean bultzatzen jarraitzeko balio du. Hori guztia, Athletic Clubek FC Bartzelona hartuko duen Kopako finalaurrekoaren joanekoa aprobetxatuz ostegun honetan, martxoaren 7an, 19:00etatik aurrera, San Mamesen jokatzekoa dena.

Talde zuri-gorriak Europako txapeldunaren aurka neurtuko ditu indarrak Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan, goi mailako futbola, bidea ireki zuten aitzindarien aitortza eta berdintasunaren aldeko eskaera soziala bilduko dituen partida batean. Nerea Ortizek azpimarratu duenez, lehoiek "ziurrenik munduko talderik onenaren kontra" neurtuko dituzte indarrak "Made in Euskal Herria eredu propio batetik, talentuaren eta nortasun propioaren aldeko apustua eginez". Hori bai, bi erakundeek "emakumezkoen futbolaren aldeko apustu sendoa" egiten dutela ziurtatu du eta Kataluniarren aurkako partidara joateko dei argia eginez.

Zentzu horretan, "partida futbolaz haratago" doala eta "berdintasunaren alde belaunaldien arteko transmisioak duen garrantziaz hausnartzeko aukera paregabea" dela azpimarratu du. Bide luzea da, eta erakundeak nabarmendu egiten du "belaunaldi berriak inspiratu zituzten futbolariek egindako lana, horietako asko anonimoak, errekonozimenduaren eta profesionalizazioaren alde borrokatu zutenak". Athletic Clubek emakume horiek omendu nahi ditu, "haietaz harro sentitzen garela" eta "kate horrek inoiz baino biziago jarraitu behar duela" berretsiz. Horregatik, "Athletic Clubek parte aktiboa izaten jarraituko du berdintasunaren eta etorkizun bidezkoagoa eraikitzearen alde". Hitz horiek errealitate bihurtu egin ziren Lore Etxebarria edo Begoña Oraá bazkide historikoak, Ana Astobieta lehen entrenatzaile federatua eta Eli Ibarra eta Iraia Iturregi Klubeko jokalari mitikoak prentsa aretoan presente egon zirelako.

Bestalde, Amaia Arregi Bilboko jarduneko alkateak adierazi duenez, "hau da gazteentzat erreferenteak sortzeko modurik onena, izan nahi dutena aukera dezakeela eta inork ezin diela oztoporik jarri ikus baitezakete". Lehoiei dagokienez, "zuetaz harro gaude, Bilbo eta Bizkaia zuekin daude eta erakutsi egin behar dugu". Udalak adierazi du funtsezkoa dela "taldean jokatzea, sororitatea sustatuz", martxoaren 8rako "Andre eta jabe" leloarekin konektatuta.

Elixabete Etxanobek Bizkaiko Foru Aldundiak emakumeen kirolaren alde duen konpromisoa azpimarratu du, erakundeak emakumeak estamentu guztietan parte hartzeko duen "konpromiso estrategikoa" azpimarratuz, bai eta emakumeen presentzia indartzeko programak garatuz, "etorkizunean kudeaketa-karguak har ditzaten ahaldunduz". Horien artean, Athletic Clubek ere parte hartzen duen "Pasa Baloia" programa dago. Etxanoberen esanetan, "Garrantzitsua da neskek ispiluak aurkitzea elkarri begiratzeko, gizarte osoari aurreiritziak suntsitzen laguntzeko". Bere hitzaldia amaitzeko, "aurretik beste batzuek ireki zuten bideari jarraitzea dagokigu: Ez dadila haria eten".