Erronka latza San Mamesen FC Barcelonaren aurka

Erronka latza San Mamesen FC Barcelonaren aurka

Ikusmin handia sortu du ostegun honetako 19:00etako Kopako finalerdiaren joaneko partidak

Gau historikoa San Mamesen, erronka latza du Athleticen emakumezkoen taldeak. Zuri-gorriek Women's Champions Leagueko egungo txapelduna hartuko dute ostegun honetan, 19:00etan, Kopako finalerdietako joaneko partidan. Talde honek berdinketa bakarra lortu du aurten, Levante UD taldearen aurka. Baina aurrean, hazi egin nahi den Athletic eta garaipena lortzeko desio amaigabea erakutsiko duten Katedraleko zale zuri-gorriak izango dituzte.

Inoiz baino gehiago, gure jokalariek zalegoaren babesa beharko dute kanporaketako lehen neurketa mendean hartzeko. Lehen mailako hiru aurkari garaitu ondoren, iritsi da orain arteko Kopako test garrantzitsuena. Neurketara bertaratzeko, bazkideek sarrera doan atera dezakete eta sarrerak 5 eta 10 euro artean daude salgai .

Urrezko Baloia eskuratu duen Aitana Bonmatík eta izarrez beteriko plantila oso batek une oro zuri-gorrien arean arriskua sortzeko nahia izango dute, baina aurrean Katedralean ezustekoa bilatzen saiatuko den Athletic sendo eta egonkorra izango du. Bien arteko azken lehia 0-4koarekin bukatu zen Lezaman, nahiz eta goletako bi azken orduan iritsi ziren. Bi taldeen arteko potentzial-ezberdintasunaz jabetuta, amets egiteko gaua da. Publikoa funtsezkoa izan bazen San Mamesen Madril CFFren aurkako kanporaketa eta Lezaman UD Teneriferen aurkakoa garaitzeko, kanporaketa honetan ere 90 minutuetan zehar lehoiak babestea berebizikoa izango da. Norgehiagoka luzea izango da, baina zuri-gorriek dena emango dute San Mamesen izango diren zaleen gustagarrirako.