
42.271 bazkidek eman dute izena Kopako finalerako sarrera bat lortzeko
42.271 bazkidek eman dute izena Kopako finalerako sarrera bat lortzeko
Martxoaren 14an, osteguna, zozketatuko dira Athletic Clubeko masa sozialari zuzendutako 17.848 eserlekuak
Sevillan apirilaren 6an jokatuko den Kopako finalerako sarrera bat eskuratzeko izena emateko epea amaitu ondoren, 42.271 bazkidek eman dute izena guztira. Athletic Clubek egun dituen 43.649 bazkideeen %97 da hori.
RFEFek Athleticentzat erreserbatu dituen 20.698 sarreretatik, 17.848 izango dira Klubeko bazkideentzat. Eserleku bat erosteko eskaeren kopurua eskuragarri dauden sarreren kopurua baino handiagoa denez, zozketa egingo da martxoaren 14an, osteguna, San Mamesen, 12:00etan.
Jasotako gainerako sarrerak (2.850) kontratu, instituzio, kirol eta Athletic Clubeko babesleekiko konpromisoei erantzuteko erabiliko dira. Horien zenbatekoa publikoarekin jokatutako azken bi finaletakoa baino txikiagoa da, nahiz eta erakundearen egitura eta harreman komertzialak hazi egin diren.
Martxoaren 13ko 9:00etatik aurrera, zozketaren aurreko eguna, programa informatiko batek behar bezala inskribatutako bazkide bakoitzari dituen partaidetza adina zenbaki esleituko dizkio ausaz. Taldeen kasuan, zenbakiak taldeko liderrari esleituko zaizkio ausaz, eta gainerako parte-hartzaileek jarraian doazen hurrengo zenbakiak izango dituzte.
EHUko Matematika Saileko MATHMODEk eta AGTIC Consultingeko auditoreek egiaztatu dute prozedurak ez duela estatistika- alborapenik, eta bazkide guztiek aukera berberak dituztela hautatuak izateko, Klubak aurrez definitutako irizpideen arabera. Era berean, AGTICeko auditoreek eta notario batek egiaztatuko dute zozketarako zenbakiak ausaz erabaki direla.
Zozketan saritua izatea lortzen duenak gehienez ere sarrera bat erosteko eskubidea izango du, berdin du bazkide horrek zozketan zenbat zenbaki dituen. Sarrera bat bazkide baten zenbakietako bati esleitzen zaionean, zerrendeako gainerako zenbakiak automatikoki ezabatuko dira.
Bazkide bakoitzak bere Bazkideen Txokoan, jasoko duen emailean eta webguneko albisteen atalean kontsultatu ahal izango ditu (martxoaren 13ko 12:00etatik aurrera) San Mamesen martxoaren 14an egingo den zozketarako izango dituen zenbakiak. Zozketa zuzenean jarraitu ahal izango da Athletic Clubeko YouTubeko kanalean.
Zozketa egin ondoren, Klubak sarreren erosketarekin lotutako informazio guztiaren berri emango die saridunei.