
Kopako finalerako sarreren zozketan bazkide bakoitzak izango dituen zenbakiak kontsultatu
Kopako finalerako sarreren zozketan bazkide bakoitzak izango dituen zenbakiak kontsultatu
Prozesuan izena eman dutenek dagoeneko eskuragarri dute Bazkideen Txokoan apirilaren 6an La Cartujan jokatuko den neurketarako eserleku bat erosi ahal izateko erabiliko dituzten zenbakiak
Kopako finalerako sarrerak erosteko prozesuan izena eman duten Athletic Clubeko bazkideek dagoeneko kontsultatu ditzakete bihar 12:00etan San Mamesen jokoan izango dituzten zenbakiak.
42.271 bazkidek 676.709 zenbakirekin parte hartuko dute, hau da, bazkide bakoitzeko 16 partaidetza bataz beste, Klubak denboraldiaren hasieran ezarritako irizpideen arabera eskuratu dituztenak. Zozketan parte hartzen duten bazkideek 17.848 sarrera erosi ahal izango dituzte, pertsona bakoitzeko bat gehienez.
Bazkide bakoitzaren Txokoan ez ezik, hurrengo dokumentuan ere kontsulta daitezke partaidetzen zenbakiak, bazkideen kodearen arabera ordenatuta, txikienetik handienera. Era berean, posta elektronikoz jakinaraziko zaie Txokoan beren posta elektronikoa behar bezala adierazita duten bazkideei.
Bazkide bakoitzak zozketan parte hartzeko erabiliko dituen zenbakiak ausaz esleitu ditu programa informatiko batek, izena eman zuen partaidetza-kopuruaren arabera. Taldeen kasuan, zenbakiak ausaz esleitu zaizkio taldeko buruari, eta gainerako kideek hurrengo zenbakiak lortu dituzte.
AGTIC Consultingeko auditoreek eta notario batek zozketako zenbakien ausazko esleipena egiaztatu dute.
Nola egingo da zozketa?
Programa informatiko batek 9 zenbaki ezberdin aterako ditu ausaz, sisteman sartutako 676.709 zenbakien artetik (inskribatutako bazkideen partizipazio guztiei dagozkienak).
Ondoren, ontzi batetik 1etik 9ra bitarteko zenbaki bat aterako da, eta zenbaki irabazleak zehaztuko du programa informatikoan agerpen-hurrenkeraren arabera lortutako bederatzi zenbakien artean zein den irabazlea. Hau da, ontzitik ateratako zenbakia 4a bada, zenbaki irabazlea programa informatikoak 4. tokian ateratakoa izango da.
Automatikoki, programa informatikoak eskuragarri dauden sarrerak hurrengo zenbakien artean esleituko ditu. Sistemak automatikoki ezabatuko ditu ere sarrera bat esleitu zaien (saritutako lehen zenbakiari jarraiki) bazkidearen gainerako zenbakiak.
Programak honako hauek eskainiko ditu berehala:
- Parte hartzen duten zenbakien kopurua
- Eskuragarri dauden sarreren kopurua
- Saritutako zenbakia
- Ezabatutako zenbakien kopurua, aurretiaz beste zenbaki batekin saritutako bazkide bati dagokiolako.
- Sarrera baterako eskubidea duten zenbakien nondik norakoa (gehienez, bat bazkide bakoitzeko).
EHUko Matematika Saileko MATHMODEk eta AGTIC Consultingeko auditoreek egiaztatu dute prozedurak ez duela estatistika-alborapenik, eta bazkide guztiek aukera berberak dituztela hautatuak izateko, Klubak aurrez definitutako irizpideen arabera.
Notarioarekin batera, AGTIC Consulting auditore-taldeak in situ bermatuko du zozketaren gardentasuna.