“Saber y empatar”: umore asko Athleticen inguruan

“Saber y empatar”: umore asko Athleticen inguruan

Jaialdiaren bigarren egunean "Saber y Empatar" programaren edizio berezia eskaini da zuzenean Athletic Club-i dedikatua, Miguel Gutierrez, Antonio Pacheco "Pach", Carlos Marañon eta Julian Lopezekin

"Letrak eta Futbola" jaialdiaren bigarren egunak programako ekitaldi nagusietako bat utzi digu: "Saber y Empatar" podcastaren edizio berezia, Miguel Gutierrez, Antonio Pacheco "Pach" eta Carlos Marañonek zuzendua, eta Julian Lopez gonbidatu berezi gisa.

Aretoa beteta egon dela eta aste osorako sarrerak agortuta daudela aintzat hartuta, saioa zuzenean igorri da Athletic Clubeko YouTubeko kanal ofizialean eta esteka honetan dago eskuragarri.

Julian Lopez aktore, umorista eta musikaria, Athletic Cluben 125. urteurreneko enbaxadore harroa, izan da eguneko protagonista berezia. 2.500 biztanle baino ez dituen El Provencio herrian jaioa, artistak beti izan du Athleticekiko zaletasun handia. Bere figurak Euskal Herritik kanpoko athleticzalearen irudia ezin hobeto irudikatzen du, familia barruan grina zuri-gorria sartu baitiote.

Umorez betetako bost galdera-txandak joko handia eman diote une oro Athleticen inguruan aritu den saioari. Jokalari enblematikoak, hala nola Julen Guerrero, Dani (aretoan), Alkorta eta Iribar (hau ere aretoan)... Aurkari historikoak, Real Madril, RCD Espanyol, FC Bartzelona eta Manchester United... Partida gogoangarriak, hala nola Old Traffordekoa 2012an, Juventusen aurkako Europako finala, Newcastleren aurkako kanporaketa ("Hobe Cuco bat hamaika urraka baino") eta Bartzelonaren aurkako 2009ko Kopako finaleko porrota. Eta, amaitzeko, klubari lotutako beste pertsona ospetsu batzuk: Ana Urquijo, Jesus "El Txapela", De la Fuente edo Javier Clemente eta Ernesto Valverde mitikoak. Azken finean, umore asko eta Athletic asko.

Letrak eta Futbola Athletic Clubek antolatutako kultur jaialdia da Grupo Radimer eta Espainiako Gobernuko Kultura eta Kirol Ministerioaren babesarekin, eta BCD Travel, BCD Sports eta Aranzazu Hotelen laguntzarekin.

Jaialdiarekin lotutako informazio guztia webgune honetan eskura daiteke.

Bihar, asteazkena: “Futbola, Osasun Mentala eta Narratiba” Ander Izagirre eta Zuhaitz Gurrutxagarekin

Jaialdiaren erdialdean, Ander Izagirrek eta Zuhaitz Gurrutxagak, Letrak eta Futbolaren bi lagun zaharrek, osasun mentalaz eta narratiboaz hitz egingo dute, “Subcampeón” liburuaren harira. Ander Izagirre egungo literatur panoramako kazetari eta idazle interesgarrienetako bat da. 2017 eta 2023ko Euskadi Literatura Sariak jaso zituen saiakera kategorian, English Pen Award saria 2018an eta Kapuscinski saria Polonian 2022an. Zuhaitz Gurrutxaga futboleko jokalari profesional ohia, erretiroa hartu ondoren, telebistako aurkezle eta bakarrizketagile moduan ibilbide nabarmena egiten hasi zen. “Subcampeón”, 2023an argitaratua, umorez beteriko liburua da eta Panenka 2023 Saria jaso du.