
“Madrilera irabazteko asmo guztiarekin joango gara”
“Madrilera irabazteko asmo guztiarekin joango gara”
Ernesto Valverde anbizio handiz agertu da talde zuri-gorriak Santiago Bernabeun egingo duen bisitaren aurrean, eta uste du taldeak "bolada onari eusteko emaitza on bat" bilatuko duela
"Irabazteko asmo guztiarekin joango gara hara. Denbora asko daramagu lehiatu gabe eta bihar sailkapenean dugun tokia defendatzeko aukera dugu". Ernesto Valverdek handinahia erakutsi du biharko Real Madril-Athletic Club partidaren atarian. Entrenatzaile zuri-gorriaren arabera, neurketa garrantzitsua da: "LaLigan gauza asko ditugu jokoan eta ez dago neurketa erabakigarri batera iristeko modu hoberik, sentsazio onekin lehiatuz iristea baino. Datorren astean final bat dugu, baina bihar berebiziko norgehiagoka izango dugu aurrean. Joan den astean laugarren postuan kokatu ginen eta postu hori mantendu behar dugu".
Athleticek LaLigako liderrari egingo dio bisita bihar Santiago Bernabeun. Bien arteko neurketak txapelketako klasikoetako bat da: "San Mamesen irabazi digun talde bakarra dela ere, bi talde historikok jokatuko dute elkarren aurka. Biak ala biak indarrak neurtzen dituztenean lehia estua erakusten dute eta zailtasun handiko norgehiagoka izango da. Oraindik ez dute etxean galdu, badakigu zaila dela, txapelketako liderrak dira, baina jokatu egin behar da".
Hala ere, Valverdek taldea oso indartsu ikusten du aurrean dituen bi hitzordu handiei begira: "Jokalariak txisparekin eta pozik daude. Badakigu finala gertu dagoela, baina, aldi berean, sailkatu ginenetekin jokoan jartzen ziren bederatzi puntuetatik zazpi eskuratu ditugu, eta berdinketa FC Barcelonaren aurka izan zen. Ondo gaude, zentratuta, badakigulako zarata handia egon arren, gurea zelaian hitz egitea eta erantzutea dela. Biharko neurketatik aurrera finalean jarriko dugu arreta".