2024ko Kopako finalerako soberazko sarrerak

2024ko Kopako finalerako soberazko sarrerak

Zozketatik ateratzen den ordenaren arabera esleituko diren sarreren azken kopurua 214 izango da

Ezarritako erosketa-epeak bete ondoren, saritutako bazkideek erosi ez dituzten 95 sarrerak zozketan lortutako ordenari jarraituz esleituko dira. Horrez gain, Athletic Clubek 119 sarrera jarriko ditu bazkideen eskura aurrekoekin bat eginez. Klubaren konpromisoen artean hartu ez diren sarrerak dira.

Joan den larunbatean, martxoak 30, gaueko 23:59an amaitu zen Klubak zozketatutako 17.848 sarrerak erosteko epea. Gorabeherak eta alegazioak konponduta, Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) jakinarazi dio Athletic Clubi 95 sarrera erosi gabe geratu direla. Sarrera horiei Athletic Clubek konpromisoetarako gordetako kupotik jaso ez diren beste 119 sarrera gehitu behar zaizkie. Beraz, guztira 214 sarrera esleituko dira, Klubeko bazkideentzako zozketan lortutako hurrenkerari jarraituz.

Zozketaren oinarrietako “VIII. artikulua – Soberazko sarrerak” atalean zehazten denez, sarrera horiek “zozketaren ondoriozko ordenaren arabera banatuko dira azken sarrera esleituta izan zuen Bazkidearen hurrengo Bazkideen artean, eta Klubaren esku geratuko dira azkenean hartu ez diren soberazko sarrerak”.

2024ko Kopako finalerako Club Athletic-en soberazko sarrerak

Irizpide bera erabili da Club Athletic-en Zozketaren Oinarrietako “VIII: artikulua – Soberazko sarrerak” atalean jasota dagoenez, Club Athletic-en izena emandako kideen artean zozketatu ziren 300 sarreretatik erosi ez ziren 15 sarreretarako.

Sarrerak nola erosi

Bigarren aukera honetan bi zozketetan sarituak izan direnek (bazkideak edo Club Athletic-eko kideak), gaurtik aurrera, izena emateko erabili zituzten helbide elektronikoetan, mezu elektronikoa jasoko dute, sarrera eskuratzeko behar duten informazio guztiarekin.