
“Osasunari San Mamesen irabazi nahi diogu behingoz”
“Osasunari San Mamesen irabazi nahi diogu behingoz”
Valverdek derbiek “beti dutela konnotazio berezia alderdi emozionalean, eta haiek jokatzen jakin behar dela” onartzen du
Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak agerraldia egin du San Mamesen bihar 21:00etatik aurrera lehoiak Osasunaren aurka jokatuko duten partidaren atarian: “Egia da haiek ez direla une onean iristen emaitzei dagokienez. Matematikoki salbatuta daude, ez dute presiorik, baina biharkoa derbi bat da, alderdi emozionalean konnotazio berezia duena beti. Indartsu etorriko dira gure garaipena ekiditen saiatzera eta jokatzen jakin behar dugu. Iaz asko kostatu zitzaigun, ez genuen irabaztea lortu. San Mameseko norgehiagoketan nagusi izan ginen arren, ez genuen Kopako finalean sartzea lortu eta LaLigan ere ez genien golik sartu. Biharkoa beste aukera bat da guretzat. Denboraldi honetako lehen itzuliko lehiara oso presionatuta iritsi ginen lehen jardunaldian galdu genuelako eta partida ona egin genuen. Azkenean, hamar futbolarirekin hiru puntuei eutsi genien. Orain San Mamesen irabazi nahi diegu behingoz”.
Champions Leaguera sailkatzeko dituzten aukerei buruz galdetuta, teknikariak onartu du ez dutela erraza: “Beti komeni da azken jardunaldietan helburuak zure esku egotea, eta orain ez da horrela. Etxean jarraian izandako neurketa horietan irabazteko zorian egon ginen eta gero Madrilen lehia erabakigarria galdu genuen. Harrezkero, zaildu egin zaigu, Atletico de Madrid talde fidagarria delako emaitzetan. Bi jardunaldi geratzen zaizkio etxean, eta badakigu han aurkari konplikatua dela. Gure asmoa bihar irabaztea da, itxarotea eta datorren astean hori berriz egitea eta gauzak nola doazen ikustea”.
Azkenik, bere etorkizunari dagokionez, Valverdek esan du ez dagoela berrikuntzarik horren inguruan, baina lasai dago: “Lasaitasunez daramat egoera, nire lehentasuna beti izan da Athletic”.