"Gure helburua irabaztea da eta gero, Unai Simonek Zamora saria irabaztea"

"Gure helburua irabaztea da eta gero, Unai Simonek Zamora saria irabaztea"

Ernesto Valverdek aitortu du "gogotik borrokatuko" dutela Murgiako atezainak garaikur preziatu hori irabaz dezan

Ernesto Valverdek 2023-24 denboraldiko azken agerraldia eskaini du Lezamako prentsa aretoan. Athletic Club, sailkapeneko bosgarren postua ziurtatuta, Unai Simonek Zamora saria eskuratzeko helburuarekin bidaiatuko du Vallecasera: "Gure asmoa partida irabaztea da. Ondoren, beste batek eraman aurretik, Zamora Unai Simonek irabaztea nahi dugu. Gogotik borrokatuko dugu hala izan dadin. Izan ere, gure atea golik gabe utziz gero, Vallecasetik zerbait eramango dugula esan nahi duelako. Irabazten saiatuko gara, beti bezala jokatzen, baina Unaik saria eskuratzeko asmoarekin".

Entrenatzaile zuri-gorriaren arabera, Murgiako atezainak irabaz dezakeen tituluak ez du partidarako plana inolaz ere aldatu behar: "Guk beti bezala jokatu behar dugu, ez digu ezer aldatu behar. Betiko modu berean jokatu behar da. Abagune hori baldin badugu, orain arte oso ondo egin dugulako da. Ea berdina egiten jarraitzen dugun".

Valverdek hitz onak utzi dizkio datorren urtean talde zuri-gorriaren aurka berriro lehiatuko den Rayo Vallecanoren jokoari: "Talde oldarkorra da, goian estutzen zaituena eta ausarta dena. Gainera, etengabe jokatzen ari da bere erasoko jokalariekin. Erritmo bizia jartzen dio jokoari, ondo moldatzen da parametro horietan, eta norgehiagoka gogorra eta kementsua izango da. Egia da ez dagoela ezer jokoan, baina, nolanahi ere, bi taldeek garaipenarekin amaitu nahiko dugu denboraldia".