"Oso pozik gaude"

"Oso pozik gaude"

Valverdek denboraldia garaipenarekin bukatu eta Unai Simonek Zamora garaikurra irabazi duela ospatu du

Ernesto Valverdek ezin izan du ezkutatu LaLiga 2023-24 denboraldia Vallecasen Rayo Vallecanoren aurka garaipena lortuta amaitzeak eta eta Unai Simonek Zamora Saria Bilbora ekartzeak eragin du poza: "Oso pozik gaude. Egia esan, urtea ondo bukatu nahi genuen, Unai Simonentzat eta Athleticentzat Zamora Saria lortuz. 50 urte baino gehiago generamatzan garaikur hori erdietsi gabe. Gure filosofiaren transmisiorako, horrelako sariak oso garrantzitsuak dira. Atzo 1.000 haur baziren Unai Simon bezalakoak izan nahi zutenak, gaur 2.000 egotea ezinbestekoa da Athleticentzat. Klubeko atezainaren postuagatik, Unairengatik eta taldearengatik irabazi nahi genuen".

Horrela, historiarako geratuko den denboraldia amaitu berri da, 68 puntu lortu, lehiaketa erregularreko 5. postuan amaitu, txapelketa kontinentalean aritzeko postua erdietsi eta, jakina, Kopa desiratua irabazi delarik. Hala ere, datorren ikasturteari begira gauzak hobetzeko daudela uste du entrenatzaile zuri-gorriak: "68 puntu egitea ez da erraza, ezta errepikatzea ere. Eta zer esanik ez bi lehiaketa gehiago jokatzen badituzu. Baina, gaurkoak bezalako neurketak, hobetu daitezke. Datorren denboraldian aste barruan jokatuko dugu eta mentalizatu egin beharko gara bigarren norgehiagoka bati aurre egiteko. Denboraldi bikaina egin dugu, gogotik gozatu dugu, baina denboraldi berri bat hasiko da, eta egin dugunak ez du balioko".

Neurketari dagokionez, honako hau izan zen Valverdek egin duen balorazioa: "Rayo lehen zatian gu baino gehiago izan da. Espekulatzen dugunean, ez dugu funtzionatzen. Haiek golak egin ahal izan dizkigute eta guk ez dugu aukerarik izan. Joko dinamika aldatu beharra zegoen eta bigarren zatian sendoagoak izan gara eta gorago iritsi gara, gola aurkitu dugun arte".