Athletic Club – SD Eibar, lagunarteko partida larunbat honetan Amurrion

Athletic Club – SD Eibar, lagunarteko partida larunbat honetan Amurrion

Liga F-ko azken geldialdia aprobetxatuz, lehoiek eta armaginek elkar ikusiko dute beste behin Basarten (12:00etan, sarrera doan)

Larunbat honetan, ekainaren 1ean, 12:00etatik aurrera, Amurrioko Basarte futbol zelaian Athletic Clubek eta SD Eibarrek lagunarteko partida bat jokatuko dute. Joan den ostiralean ligako 28. jardunaldia lehiatu ondoren, zuri-gorriek beste geldialdi bat izango dute eta iragan asteburuan matematikoki maila mantentzea lortu zuen talde eibartarraren aurka neurtuko dituzte indarrak. Emakumezkoen futboleko goiz polita izango da, sarrera librea izango duena, denboraldia ahalik eta hobekien amaitzen saiatuko diren bi euskal taldeez gozatzeko.

Liga F-ko aurreko bi norgehiagokak Athleticek irabazi zituen. Lezaman 2-0 nagusitu ziren bilbotarrak eta Ipuruan, duela aste batzuk, emaitza 0-2-koa izan zen David Aznarrek aulkitik zuzendutako nesken alde.

Denboraldiko azken bi jardunaldiak besterik ez dira falta. Athleticek Real Madriden kontra jokatuko du Valdebebasen ekainaren 9an, igandean, 18:30ean, eta ekainaren 15ean edo 16an, San Mamesen, Sevilla FC taldearen aurka. Beraz, lagunarteko neurketa honek txapelketako azken txanpa prestatzeko balioko du. Aiaraldeko zaleek aukera paregabea izango dute Athletic Clubeko futbolariekin gozatzeko.