San Mames, gotorleku menderaezina

San Mames, gotorleku menderaezina

Athletic Clubek zenbaki ikusgarriak lortu ditu denboraldi honetan Katedralean: 21/22 partida galdu gabe, 51 aldeko gol eta 11/22 neurketa atea hutsean utzita

Athletic Clubek beti izan du Katedralaren handitasunean hazten den eta etxean oso izaera sendoa erakusten duen taldearen ospea. Bukatu berri den denboraldia, hain zuzen ere, horren adibide bikaina izan da. Lehoiek 40 urte geroago Kopa irabaztea edo, bost urteko lehortearen ondoren, Europara itzultzea bezalako helburu harrigarriak lortzera eraman dituzten zenbaki liluragarriak lortu dituzte. Izan ere, aurten Katedralean lortutako zenbakiak ez dira errepikatzeko errazak izango: 21/22 partida galdu gabe, 51 adeko gol eta 11/22 partida atea hutsean utzita. Sekulako gotorleku menderaezina.

Plazer hutsa izaten da beti taldea San Mamesera animatzera joatea, baina aurten taldeak erakutsi duen errendimendua ikusita, aurten are motibazio gehiagorekin hurbildu da athleticzalea bere santutegira. Valverderen taldeak edozein aurkariri aurre egiten diola erakutsi du, oso estilo ezagunarekin, aurkariaren area hasieratik presionatuz eta gola gogo biziz bilatuz. Athletic Clubek gehien hobetu duen alderdietako bat horixe izan da, ateari begira asmatzea. Aurten 51 aldiz sentitu ahal izan dugu golaren estasia, 2,3 partidako batez beste.

Futbolean golek agintzen dute eta horiek egiterakoan, puntuak batzetik gertuago zaude. Talde bakarra izan da San Mamesen lehoiak mendean hartzeko gai, Real Madrid, LaLiga EA Sports 2023-24 denboraldiko txapelduna, lehen jardunaldian. Talde zuri-gorriak gerora hartu dituen 21 partidetatik bakar batean ere ez du porrotik jaso. Sendotasun hori ezinbestekoa izan da Athleticek Ligako sailkapen-taulako bosgarren postuan sendotu eta Kopako kanporaketa bakoitza merezimendu osoz gainditzeko.

Kontuan hartu beharreko beste faktore bat atzealdeak eta zuri-gorrien ateak erakutsi duten sendotasuna izan da. Atea bikain defendatu duten bi atezain zoragarri izateaz gain, defentsaren sendotasuna bilbotarren ardatz garrantzitsuenetako bat izan da. Denboraldi honetan Katedralean jokatu diren 22 norgehiagoketan, 11 aldiz utzi dute atea hutsean; hau da, jokatutako neurketen kopuruen erdia.

Azken finean, zelaiaren bi eremuetan erakutsitako eraginkortasuna, Katedraleko giroa eta athleticzaleen bertaratze masiboa, urte historiko batez ahalik eta gehien gozatzeko konbinazioa ezin hobea izan da.