
Athletic Clubek 'Futbola eta medikuntza' konferentzia nagusian parte hartu du
Athletic Clubek 'Futbola eta medikuntza' konferentzia nagusian parte hartu du
Lezamako Errendimendu Handiko Departamentuko kideek hizlari gisa parte hartu dute Civitas Metropolitano Estadioan egindako Isokinetic Conference 2024 ekitaldian
Athletic Clubek Isokinetic Conference 2024-n parte hartu berri du, Futbola eta Medikuntzaren arloan mundu mailan eman den hitzaldi nagusian. Aurtengo edizioa Madrilgo Civitas Metropolitano zelaian izan da maiatzaren 25, 26 eta 27an. Josen Lekue doktoreak zuzentzen duen eta Errendimendu Handiko Departamentuan barneratuta dagoen Klubeko zerbitzu medikoa izan da konferentzia bertatik bertara jarraitu duena. Ekitaldiak ordezkaritza zabala izan du: bost hizlari, hitzaldi eta kasu kliniko bat.
Amaia Alonsok emakumezkoen taldeetan erabiltzen den ahozko antisorgailuen erabilerari buruzko komunikazioa aurkeztu zuen. Maite Lejonagoitiak azken 20 denboraldietan hainbat mailatako jokalarien larruazal-tolesturen bilakaeraren azterketa zehatza gauzatu zuen. Xabier Monasteriok munduan orain arte erabilitako hazkuntza- eta heltze-prozesuak baloratzeko metodoen laburpena osatu zuen. Mirari Gandarias iskiotibialen lesioen analisi biomekanikoan zentratu zen. Eder Bikandik euskal emakumezkoen futboleko lesio muskular eta artikularren epidemiologia azaldu zuen. Imanol Martinek giharretako lesioen iraupenarekin lotutako faktoreak aztertzen zituen hitzaldia defendatu zuen. Eta, azkenik, Iñigo Iriartek berriz min hartutako giharretako lesioaren kasu kliniko bat aurkeztu zuen.
Athleticen parte-hartze aktiboaz gain, mundu osoko lehen mailako profesionalen artean hiru egunez kezkak partekatzearen esperientzia oso baliotsua izan da Klubeko talde osoaren hazkunderako. Urrats berri bat zientzia kirolaren eguneroko jardunera bikaintasunez transferitzen jarraitzeko eta Lezama Errendimendu Handiko Zentro bihurtzeko.