Athletic Clubek Getafe CF-ren aurka hasiko du 2024/25 LaLiga EA Sports denboraldia San Mamesen

Athletic Clubek Getafe CF-ren aurka hasiko du 2024/25 LaLiga EA Sports denboraldia San Mamesen

Denboraldi berriko lehoien lehen neurketa talde madrildarraren aurka izango da etxean

Athletic Clubek LaLiga EA Sports 2024/25 denboraldian izango dituen neurketen zerrendaren zozketa egin da eta zuri-gorriek abuztuaren 18ko asteburuan Getafe CF-ren aurka emango diote hasiera kirol ikasturte berriari. Lehoiek denboraldiko estreineko jardunaldian madrildarren aurka jokatuko duten 2. aldia da. Bi taldeak LaLigako hasierako jardunaldian elkarren aurka aritu ziren 2017/18 denboraldian 0-0-ko emaitzarekin amaitu zen partidan.

Bestalde, Athletic Clubek maiatzaren 25eko asteburuan FC Barcelonaren bisita jasoko du txapelketa ixteko.

Datorren denboraldiko euskal derbiei dagokienez, lehen itzulian zuri-gorriek Reala hartuko dute 14. jardunaldian, eta jarraian Deportivo Alavesi eta CA Osasunari egingo diete bisita Mendizorrotzan eta Sadarren, 17. eta 18. partidetan. Txapelketaren bigarren zatian etxean jokatuko dute nafarren aurka 29. jardunaldian, Reale Arenara joango dira hogeita hamalaugarren neurketan eta hurrengo norgehiagokan etxeko gisa jokatuko dute talde gasteiztarraren kontra.

Beste lehiaketa batzuen baldintzatzaileak direla eta, bi jardunaldi aldatu egingo dira. Zazpigarrena irailaren 25ean finkatura CD Leganesen aurka, astebete aurreratuko da Europa Ligako estreinaldiari lekua uzteko. Hau da, Athleticek bi partida jarraian jokatuko ditu kanpoan, Las Palmasen eta Butarquen.

Gainera, Athleticek urtarrilean Superkopan parte hartuko duenez, Real Madriden aurkako 19. jardunaldia aurreratu beharko da eta San Mamesen izango da, abenduaren 4an, Vallecaseko eta Villarreal CF-ren bisitaren arteko neurketen artean.

Inaugurazio jardunaldiaren estatistikak

1929an Realaren aurkako partida batekin LaLiga hasi zenetik, Athleticek 32 aurkari ezberdinen aurka jokatu du lehen jardunaldian. Aurreko 93 partidetatik 55 San Mamesen jokatu ziren eta 38 etxetik kanpo, 38 garaipen, 19 berdinketa eta 36 porroteko balantzearekin.

Athleticen aurkaririk ohikoena denboraldi berriko lehen jardunaldian FC Barcelona izan da. Orain arte, bilbotarrek 10 aldiz neurtu dituzte indarrak talde blaugranaren aurka denboraldiaren estreineko norgehiagokan.

Lehoiek denboraldi bateko lehen jardunaldian lortutako garaipenik handiena 1932/33 denboraldian Katedralean Real Betisi 9-1 irabazi ziotenekoa izan zen. Etxetik kanpo lortutako garaipenik handiena, berriz, 1958/89 denboraldian RC Celtari 0-3koa izan zen.