
“Urte bikaina izan da eta orain gehiago nahi dugu”
“Urte bikaina izan da eta orain gehiago nahi dugu”
Jon Uriarte Athletic Clubeko presidenteak eta Mikel Gonzalez futboleko zuzendari nagusiak denboraldiaren balantze oso positiboa egin dute eta etorkizunari anbizioz eta exijentziaz begiratzen diote
Athletic Clubeko presidenteak, Jon Uriartek, eta futboleko zuzendari nagusiak, Mikel Gonzalezek, lehen taldeen urteko kirol balantzea egin dute, denboraldiaren hasieran ezarritako helburuak erreferentziatzat hartuta: Europarako sailkapena gizonezkoentzat eta lehen zortzien artean geratzea emakumezkoentzat. Ebaluazioa oso positiboa izan da, lehen bi taldeek bosgarren postuan amaitu baitute sailkapenean, eta gizonezkoena, gainera, desiratutako 25. Kopa irabaziz. “Urte bikaina izan da eta orain gehiago nahi dugu”, errepikatu du presidenteak agerraldian, eta lortutakoaren poza eta Klubak hurrengo denboraldiko erronkei aurre egiteko duen anbizioa eta exijentzia azpimarratu ditu.
Azalpenaren hasieran, Jon Uriartek iazko balantzearen ondorioak aipatu ditu: autokritika, anbizioa eta baikortasuna, eta aurten ere helarazi nahi dituen mezuekin lotu ditu. “Exijentzia, autokritikatik edo azterketatik bereiztea ezinezkoa dena; etengabeko hobekuntza, anbiziorik eta apaltasunik gabe aurre egin ezin zaiona; eta batasuna, Klub honetan baikortasuna elikatzen duen iturria dena, azpimarratu dugun bezala, Athletic batua edozertarako gai delako”, nabarmendu du presidenteak.
Era berean, Uriartek esker oneko hitzak eskaini dizkie zale zuri-gorriei, Euskal Herriari, jasotako babesa guztiagatik, bazkideei eta, bereziki, lehen taldeetako jokalariei. “Badakigu gure jokalariek Athletic proiektuan sinesten dutela. Made In Euskal Herria proiektuaren bidez, Gabarra lasaigarri izatetik pizgarri izatera igaro da”.
Bestalde, Mikel Gonzalezek denboraldiko datu eta faktore garrantzitsuenak laburbiltzen zituen aurkezpen batean oinarritu du bere analisia eta azalpena. Gizonezkoen lehen taldeari dagokionez, futboleko zuzendari nagusiak gogorarazi du aztertutako parametroek eta horien irakurketak aurreikuspen baikorra iragartzen zutela, eta hori berretsi egin dela denboraldian zehar. Une jakinetan asmatu izanak, defentsan zein erasoan, aldeko dinamika ahalbidetu du, eta horrek Valverderen taldeak proposatzen duen futbol-estiloa sendotu du, bizitasunagatik eta lanagatik Athletic markatik bereiz ezin daitekeena.
Mikel Gonzalezek aipatu dituen alderdien artean, Jon Uriarterekin batera, lantaldearen balioa handitzea eta nazioarteko futbolarien gorakada azpimarratu behar dira, baita denboraldian zehar egindako kontratu berritzeak eta Alvaro Djalo eta Andoni Gorosabel jokalarien fitxaketak ere. “Denboraldi berria zorrotza izango da eta orain arte bezala lan egiten jarraitu behar dugu, anbizioarekin eta gure aukeretan konfiantzarekin. Proiektu erakargarri bat lortzeko lan egiten ari gara. Dena lortzeko borrokatu nahi dugu, tituluak lortu eta Europan lehiatu", esan dute biek.
Emakumezkoen lehen taldeari dagokionez, Mikel Gonzalezek hamaikakoaren gaztetasuna eta ezarritako helburua lortu eta bigarren itzuli bikaina osatu duen taldearen goranzko ibilbidea nabarmendu ditu. Emakumezkoen lehen taldearen proiekzioa bere nazioarteko futbolarien kopuruan islatzen da: hiru selekzio nagusian eta beste sei 23 urtez azpikoan. Kirol zuzendariak denboraldian zehar egindako kontratu berritzeak ere azpimarratu ditu, David Aznar entrenatzailearena barne. Horren bidez, Klubak taldearen prestazioak hobetzen jarraitu nahi du.
Galderen txanda
Galderen txandan, presidenteak eta futboleko zuzendari nagusiak gaurkotasuneko hainbat gairi buruz bere erantzuna eman dute.
Alex Berenguerren balizko berritzeaz galdetuta, baikor agertu da Jon Uriarte: “Bi aldeek helburu bera dutenean, hau da, elkarrekin jarraitzea, logikoena akordio batera iristea da”.
Unai Simonen eskumuturreko ebakuntzari dagokionez, futboleko zuzendari nagusiak azaldu du Klubak eta jokalariak "adostu" zutela ebakuntza Unai Simonek Eurokopa amaitu bezain laster egingo zela.
Gainera, presidenteak nabarmendu du Kluba oso pozik dagoela Katedraleko bertaratze-datuen inguruan lortutako emaitzei dagokienez eta taldearentzat duen garrantzia: "Gure obsesioa San Mames beti betetzea da. Bisitatzen gaituzten pertsonek esaten dute egon diren estadiorik onena dela eta giroa ikaragarria dela".